Sergio de la Fuente: "Gazteok zerbait badaukagu, borrokarako eta gauzak ondo egiteko gogoa da"

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 15a, 16:02

Sergio de la Fuente (OLATZ PRAT)

Lan Mobel ISB taldeak fitxatu duen azken jokalaria da De la Fuente

Taldeak irabazten hasi beharra daukan unean iritsi da, lanerako eta jokatzeko gogoz. "Gustura" dago Azpeitian topatu duenarekin

Sergio de la Fuente Gasteizen jaio zen 1989an, baina kasualitatez jaio zen han. Berez Valladolidekoa (Espainia) izanik ere, bere aita, Felix de la Fuente, Tau Baskoniako jokalaria baitzen urte hartan. Valladoliden eta Lugon (Galizia) ibili ostean, Lan Mobel ISBrekin ariko da De la Fuente hegal-pibot postuan denboraldi amaierara arte. Gaztetasunaren "anbizioa" dakar jokalariak taldera.

Saskibaloiarekiko zaletasuna oinordetzan jaso duzula esan daiteke, ezta?

Bai, hala da. Nire aita jokalaria zen, eta eskola garaian hasi nintzen saskibaloian jokatzen. Gutxi gorabehera bera kantxatik erretiratu zen garaian hasi nintzen ni, 15-16 urte nituela. Lehen taldea Valladolideko eskolakoa izan zen. Han bi urtez egon nintzen. Ondoren Lugon egon nintzen urtebetez, eta aurten Bruesarekin egin dut aurredenboraldia. Ordutik etxean egon naiz, talde bila.

Iragan astean iritsi zinen Azpeitira. Zer moduz sentitu zara lehen egun hauetan? Gustuko al duzu herria?

Oso ondo sentitu naiz egunotan. Hotel batean bizi naiz, eta egia esan inguruko denak oso atseginak eta adeitsuak dira. Lugon izan nintzenean jendea hotzagoa zen, itxiagoa, eta hemen guztiz kontrakoa, oso irekiak dira denak, beti zer behar dudan galdezka eta oso adeitsu. Oso ondo sentitzen naiz.

Pasa den asteburuan jokatu zenuen Lan Mobelekin lehen partida. Zer moduz ikusi zenuen zeure burua?

Hasteko, jokatzeko gogo biziz nengoen, bost hilabete baineraman partidarik jokatu gabe. Beraz, gogotsu atera nintzen. Lastima izan zen partida galtzea, are gehiago ia irabazita genuenean; ihes egin zigun. Baina bestela oso ondo joan zen. Jokatu egin nuen, eta nahiko ondo egin nuela iruditzen zait. Gustura nago alde horretatik. Ea orain taldeari lagun diezaiokedan eta partidak irabazten ditugun.

Irabazi beharra dago jada, ezta?

Bai, liga honetan partida batengatik jaitsiera postuetan egoten zara, eta partida batengatik play off-a jokatzeko postuetan. Beraz, irabazi beharra dago, eta saiatu egingo gara. Gainera, pare bat partida garrantzitsu datoz behean dabiltzan taldeen aurka eta horien aurka irabazi beharko genuke. Denboraldi amaierara arte ahal dugun partida gehienak irabazten saiatuko gara, zeren galdu diren azken partidak ere puntu bat edo bigatik galdu dira. Azken minutuak jokatzen ikasi, eta ea gorantz egiten dugun.

Zer eman diezaiokezu taldeari?

Taldea oso ondo dago. Atzo entrenatzaileak estatistikak ekarri zizkigun, eta Lan Mobel ligako bigarren talde onena da erasoan erreboteak hartzen. Hori eman diezaioket taldeari, lana, defentsako lana eta ahalik eta errebote gehien hartzea. Hortik aurrera, anotazioan ere lagun badezaket, ondo baino hobeto.

Zer emango dizu zuri taldeak?

Gauza asko emango dizkidala iruditzen zait. Oso ondo dagoen taldea da. Jende jatorra eta gazteak dira, eta gazteok zerbait badugu borrokarako eta gauzak ondo egiteko gogoa da, goragoko ligetan tartetxo bat egitekoa. Anbizio hori izan daiteke hemendik denboraldi amaierarako gauzak hobetzen lagun diezagukeena.

Orokorrean, gustura zaude, beraz, hona etorri izanagatik.

Bai, oso gustura. Gainera, taldeaz eta jendeaz gain inguruak ere oso ederrak dira; mendia, itsasoa eta, bereziki, Donostia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide