Legardak egin zion galdera euskaraz Mendilibarri, eta...

uztarria.com, berria.info, eitb.com 2011ko ots. 17a, 12:02

Izko Osasunako presidenteak ez zuen ondo hartu azpeitiar kazetariak entrenatzaile berriari euskaraz galdetu izana

Hemen prentsaurrekoko bideoa

Herenegun izan zen Jose Luis Mendilibarren aurkezpena Osasunako entrenatzaile berri bezala, Iruñean, eta bukaeran Asier Legarda-Ereño Berria-ko eta Euskadi Irratiko azpeitiar kazetariak bost galdera euskaraz egin zizkion —euskalduna da Mendilibar—. Ez zuen harrera onik izan Patxi Izko Osasunako presidentearen aldetik.

Legarda-Ereñoren lehen galderatik sumatu zen Izkoren ezinegona: "Bazeneukan gogoa euskaldun bat etortzeko, ezta?", esan zion kazetariari lehen itaunaren ondoren, graziarik gabeko txantxa eginez.

Bigarren galderaren ostean, Mendilibarri berari erantzuna itzultzeko eskatu zion Izkok, aurkezpenean aurretik agerraldi guztia gazteleraz egin bazuten ere. Gaztelaniaz esandakotik aparte ez zuela ezer berririk esan erantzun zuen entrenatzaileak, eta bere burua justifikatu-edo behar izan zuen, "euskaraz ez dakizuenak ez ote zineten haserretuko" esanez. Osasunaren webgunean ez dute euskarazko galdera-erantzunik jarri.

Osasunan aurreko urteetan entrenatzaile euskaldunak egon direnean, euskarazko komunikabideetako kazetariek ohikoa izan zuten harekin prentsaurrekoetan euskaraz jardutea; esate baterako, Miguel Anjel Lotinarekin.

Kataluniako kasua

Katalunian orain dela egun gutxi Girona taldeko entrenatzaileak bertan behera utzi zuen prentsaurrekoa Huescan (Espainia) katalunez erantzuten ari zela kazetari batek gazteleraz egiteko eskatu zionean. Ordukoa da bideo hau

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide