Azpeitia lehenengo postutik hirugarrengora, hizkuntza politikaren azterketan

Uztarria.eus 2011ko ots. 18a, 12:02

Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako hizkuntza politikak aztertu ditu

Azpeitiko Udalak hamarretik 8,69ko puntuazioa lortu du; duela lau urte baino altuagoa

Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu. Azpeitia dago herri horien artean, eta duela lau urte egindako azterketan lehenengo postuan baldin bazegoen ere, orain hirugarrenera jaitsi da. Azpeitiko Udalak hamarretik 8,69ko batez besteko nota atera du, eta Kontseiluaren sailkapenaren arabera, "zazpi puntu eskuratzeak adierazten du euskara lehenesteko udalak egiten duen ahalegina".

Azpeitiak aurretik ditu, ordea, lehengo postuan, Bermeoko Udala (9,32) eta, bigarren postuan, Orioko Udala (8,77). Azkoitikoa 11. postuan dago, duela lau urte baino lau aurrerago, (7,87). Hazparnekoa (Azpeitiarekin senidetuta dago 80. hamarkadaren erdialdetik) ere aztertu dute eta 63. tokian dago, 1,32 punturekin.

Kontseiluak jakinarazi duenez, "azterketa berri honek aurkera emango digu, besteak beste, lau urtean hizkuntza-politikek emandakoa neurtu ahal izateko, eta beraz, aurrera begira normalizaziorako bidean eman beharreko urratsak hobeki zehazteko". Horrez gain, "udalak hartutako erabakiak, esleitutako baliabideak eta horien emaitzak aztertzeaz gain, herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzeko eta langileek euskaraz lan egiteko eskubideen bermea zein neurritaraino dagoen eta nola gauzatzen den neurtu da", gaineratu du.

Kontseiluak egindako azterketa osorik ikusteko egin klik hemen .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide