Sestao liderra 2-0 hartu du menpean Lagun Onakek

Uztarria.eus 2011ko ots. 19a, 20:02

Asier Otegi, aurreneko golaren egilea, baloiarekin lehen zatian.

Asier Otegik eta Josu Aranburuk sartu dituzte golak

Gaur batutakoekin, 39 punturekin geldituko da sailkapenean Eskisabelen taldea

Garaipen ederra lortu du gaur Lagun Onakek Garmendipen. Azpeitiko taldeak 2-0 hartu du menpean Sestao River, Espainiako Hirugarren Mailako IV. multzoko liderra.

Partida serioa jokatu dute hasieratik bukaeraraino etxekoek. Lehen zatia parekatua izan da, gol aukera gutxikoa, baina atsedenaldia gainean zela markagailuan aurretik jartzea lortu du Lagun Onakek. Asier Otegik buruz jota bota du sare barrura ezkerraldetik etorri zaion erdiraketa. Bigarren zatian Sestaokoak aurrera egitera behartuta zeuden, kontrako emaitzari buelta eman nahi bazioten; baina Lagun Onakek ez du aparteko estutasunik igaro behar izan neurketa bereganatzeko. Gainera, bigarren zati horren erdialdean, 63. minutuan, Josu Aranburuk bigarren gola egin du; eskuinarekin boleaz katigatu du aldaratze bat, estrategiako jokaldi baten ondoren, eta Sestaoko atezainaren ezkerreko zutoinaren ondotik, behekaldetik, sartu da baloia. 2 eta 0-ekoari ondo baino hobeto eutsi diote azpeitiarrek, eta merezita irabazi diote azkenean liderrari.

Gaur batutakoekin, 39 punturekin geldituko da sailkapenean Eskisabelen taldea. Denboraldia nahiko gorabeherekin hasi ondoren, gora egin du Lagun Onakek eta, 26 jardunaldiren ostean, sailkapenari dagokionez lasai dabil. Gaurko neurketaren aurretik, 16 puntura utziak zituen jaitsiera zuzeneko postuak, eta 13ra igoerako play-off-a jokatzeko aukera ematen dutenak.

Sestao River liderra, bere aldetik, sendo dago Bigarren B Mailara igotzeko aukera ematen duten postuetan kokatuta. Lehen itzuliko neurketan, Sestaon, 1-0 irabazi zioten bizkaitarrek Lagun Onaki.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide