Musika Bandako beteranoak omenduko dituzte aurten Kaldereroek

Uztarria.eus 2011ko ots. 18a, 19:02

Jabier Bergara, Felix Gurrutxaga, Joxe Arruti, Luis Barrena eta Jose Luis Larrañaga Kanario-ren ibilbidea goraipatuko du Udalak

Otsailaren 26an aterako da kalera Kaldereroen konpartsa

Bi aste besterik ez dira geratzen 2011ko Karnabal festetarako. Astebete gutxiago, beraz, Kaldereroen festarako. Otsailaren 26an aterako da kalera Kaldereroen konpartsa, eta Udaleko Festa Batzordeak iragarri du dagoeneko Kaldereroek omenduko dituztenen izenak.

Aurtengoa omenaldi kolektiboa izango dela esan daiteke, Musika Bandako beterano guztiak izango dituztelako kontuan, baina horietako bosten figurak nabarmenduko dituzte bereziki: Jabier Bergara, Felix Gurrutxaga, Joxe Arruti, Luis Barrena eta Jose Luis Larrañaga Kanario-ren ibilbidea goraipatuko du Udalak, hain zuzen.

Gaztetxoen izen-ematea

Kaldereroen konpartsari dagokionez, Udaleko Gazteria sailetik deialdia egin diete bertan parte hartu nahi duten herriko haur eta gaztetxoei.

Kaldereroen konpartsan atera nahi dutenek aurrez izena ematea "ezinbestekoa" dela gogoratu dute. Izena emateko azken eguna datorren asteazkena, otsailak 23, izango da, Iturritxiki eta Txiki Txoko ludoteketan eta Gaztelekuan (Izarraitz pilotalekuan).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide