Joxe Felix Zubizarreta aizkolariak botatako erronkari heldu dio Iban Resanok

Uztarria.eus 2011ko ots. 19a, 15:02

Azpeitian jokatuko dute aizkora apustua maiatzaren 22an

Zubizarreta Azpeitiko aizkolariak bota du erronka eta gaur adostu dute apustua, Mendizabal tabernan

Azpeitiko zezen-plaza apustu berri baten lekuko izango da datorren maiatzaren 22an. Izan ere, Joxe Felix Zubizarreta Azpeitiko aizkolariak eta Iban Resano ergoiendarrak apustua egin dute data horretarako.

Azpeitiarrak aste honetan bota du erronka eta gaur goizerako jarria zuen hitzordua Azpeitiko Mendizabal tabernan. Han agertu zaio Iban Resano eta norgehiagoka adostu dute. Biak dira 3. mailako aizkolariak eta apustuaren egunean 10 enbor ebaki beharko dituzte.

Zubizarretaren bigarren apustua izango da honakoa. Aurrekoan Alex Txikonen kontra lehiatu zen Azpeitian bertan, eta orduko apustua irabazi zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide