Hauteskundeetarako Urolako zerrendaburuak aurkeztu ditu EAJk

Uztarria.eus 2011ko ots. 21a, 12:02

Ezkerretik eskubira, Joseba Egibar, Arantxa Tapia, Joxe Mendizabal, Markel Olano, Mikel Zubizarreta eta Jesus Larrañaga. (Urola Kostako Hitza)

Azpeitia, Azkoitia, Zestoa eta Aizarnazabaleko zerrendaburuak aurkeztu zituzten zapatuan, Sanagustin kulturgunean

Larrañaga Azpeitiko EAJko alkategaiak jakinarazi zuen “errepide moderno eta kalitatezkoa” lortzeko lan egiten jarraituko dutela

Maiatzeko hauteskundeak gerturatzen ari direla-eta, Urolako zerrendaburuak aurkeztu zituen EAJk joan den zapatuan, Sanagustin kulturgunean. Han aurkeztu zituzten Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako hautagaiak: Jesus Larrañaga, Mikel Zubizarreta eta Joxe Mendizabal, hurrenez hurren. Aizarnazabaleko hautagai Itziar Aizpuruak ezin izan zuen aurkezpenera joan.

Hautagaiekin batera, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Foru Aldundirako hautagai jeltzaleak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun diputatu Arantxa Tapiak eta GBBko presidente Joseba Egibarrek hartu zuten parte ekimenean.

Jeltzaleek adierazi zutenez, "erronka eta proiektu berriak" dituzte, eta "ilusioz" lan egingo dute. Urola Erdiko proiektuen artean, Larrañaga Azpeitiko EAJko alkategaiak jakinarazi zuen "errepide moderno eta kalitatezkoa" lortzeko lan egiten jarraituko dutela; besteak beste, Azkoititik Zumarragara edota Azkoititik Azpeitira doazen errepideak jarri zituen adibidetzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide