Emakumeen arteko bikote erlazioaz, torturaz, estereotipoez, parrandaz, emakumeaz orokorrean... jardun zuten, besteak beste, gaztetxeko saioan oholtzan elkartu ziren zazpi emakumeek. Emakumeak bizi dituen egoera desberdinak irudikatu zituzten bertsoa tresna hartuta. Eneritz Arzallus, Amaia Agirre, Eneritz Artetxe, Onintza Enbeita, Eneritz Eizmendi eta Jone Uria arduratu ziren gaiari punta ateratzeaz, Nekane Zinkunegi, berriz, sei bertsolariei lanak emateaz.
Jende ugari elkartu zen gaztetxean, 150 bat pertsona inguru, ez ohikoa
zen bertso saioa ikusteko asmotan. 22:30ak pasata, Leire Arenasek, Bilgune Feministaren izenean, testu bat irakurri zuen eta gero hasi ziren sei bertsolariak kantari. Ordu eta erdiren bueltan bukatu zen saioa.
Ilaki Lili Bilgune Feministako kideak adierazi duenez, "oso gustura gelditu gara saioarekin, eta ea urtez urte hobetzen joaten garen". Gainera, jendearen erantzuna "oso ona" izan zela jakinarazi du eta "berriz antolatzeko moduan" direla ere esan du.