Asteazkenean eta ostegunean egingo dituzte ludoteketan Kaldereroetarako entseguak

Uztarria.eus 2011ko ots. 22a, 19:02

18:00etatik 19:00etara egingo dituzte, bi egunetan

Larunbatean, otsailak 26, konpartsan atera nahi dutenek asteazkena izango dute izena emateko azken eguna

Datorren larunbatean, otsailak 26, ospatuko da herrian Kaldereroen festa. Bandako beteranoak omenduko dituzte aurten eta, azken urteetan bezala, umeak izango dira konpartsako protagonista nagusiak.

Hain zuzen ere, larunbatekoari begira bi entsegu saio prestatu dituzte. Astazkenean eta ostegunean, hilak 23 eta 24, egingo dituzte entseguak ludoteketan, Iturritxikin eta Txiki Txokon. 18:00etatik 19:00etara egingo dituzte entseguak, bi egunetan.

Larunbatean Kaldereroz mozorrotuta eta konpartsan ateratzeko asmoa duten haur eta gaztetxoek aurrez izena ematea ezinbestekoa dela gogoratu dute Udaleko Gazteria sailetik. Konpartsan atera nahi dutenek asteazkena izango dute izena emateko azken eguna; Iturritxikin, Txiki Txokon edo Izarraitz frontoian dagoen Gaztelekuan eman daiteke izena.

Egitaraua

Zapatuko Kaldereroen festak honako egitaraua izango du gaztetxoentzat:

  • 18:00etan: Iturritxiki ludotekan kalderero guztiak elkartuko dira. Ondoren, Gaztelekuan ikuskizuna eta askaria izango dituzte.
  • 19:30ean: Kaldereroen konpartsaren desfilea herriko kaleetan zehar.
  • 20:30ean: Iturritxiki ludotekan hezitzaileekin dauden haurrak jasoko dituzte gurasoek.

Gazteria sailetik aurreratu dutenez, egitarau osoan zehar 2005. urtetik gorako haurren ardura hezitzaileek hartuko dute; gainontzekoek beraien arduradun batekin atera beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide