'Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa itxi gabe dagoela gogorarazi dute

Berria eta Uztarria.com 2011ko ots. 23a, 13:02

Eneko Etxeberria eta Mikel Azkune azpeitiarrak atxilotu zituzten auzi ekonomikoaren baitan, baina ez dituzte epaituko

Zortzi lagun daude auzipetuta, iruzur ekonomikoak egitea leporatuta

Igandean zortzi urte bete ziren guardia zibilek, Juan del Olmo epaileak aginduta, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik, eta apirilaren 12an urte bat beteko da Espainiako Auzitegi Nazionalak sumario nagusiko bost auzipetuen absoluzioa ebatzi zuenetik. Dena den, auziko atal ekonomikoa oraindik itxi gabe dago. Are gehiago, "zigor eskaerarik gogorrenak" atal horretakoak dira. Hala gogorarazi zuten atzo auzipetuek, Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa) egindako prentsaurrekoan. Zortzi auzipetuetatik zazpi egon ziren agerraldian: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Joxemari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Txema Auzmendik ez zuen egoterik izan, Kuban dagoelako lanean.

Atal politikoak jaso zuen absoluzioa berri pozgarria izan zen; zazpi urteko epaiketaren iluna ahazteko aukera. Baina sententziak ez du Egunkaria auziaren bukaera ekarri. Absoluzioa iritsi zen, bai; baina, Torrealdaik ohartarazi zuenez, "ez da justiziarik" egon Egunkaria-rekin. Auzi ekonomikoa oraindik irekita dago, eta zenbait hedabidek euskarazko kazeta ETArekin lotzen dute oraindik ere.

Hala, auzipetuek, "absoluzio guztien gainetik, erasoaren eta arbitrariotasunaren aurrean inolako babes judizialik gabe biktima izaten" jarraitzen dutela uste du Torrealdaik. 2003an hasi zen prozesuaren eragina gaur egun begi bistan dago, haren iritziz. "Egunkaria libre! aldarriak orduko indar mingots berbera dauka. Egunkaria-k zortzi urte darama itxita eta likidatuta".

Horregatik, pairatutakoagatik, auzipetuak aztertzen ari dira kalte-ordain eske epaitegietara jo edo ez. Alde batetik, ziur daude "arrazoia eta kemena" euren alde daudela, eta zilegi dela zortzi urteko traben ostean Espainiako Estatuari kontu eske joatea. Baina, bestetik, zein "ibilbide eta estrategia juridiko" erabili da koska. Auzipetuen aburuz, "estatuak lanabes ugari ditu herritarrari kontuak eskatzeko; ez, ordea, kontu hartzea alderantzizko norantzan egin behar denean". Zalantzak zalantza, erabakia "laster" hartuko dute.

Sumario nagusia itxita dagoen arren, eta Javier Gomez Bermudez epaileak bere sententzian "terrorismoarekin loturarik ez" zegoela garbi adierazi zuen arren, hainbat hedabidek "prozesua politikoki mantentzen jarraitzen" dutela salatu zuen Torrealdaik. "Ahoa burua bezain bero daukatenak isilarazteko" prest azaldu dira zortzi auzipetuak, eta hartu beharreko erabaki juridikoak hartuko dituztela ziurtatu dute. Zenbait komunikabidek "auzipetuei leporaturiko irainengatik" inolako barkamenik jaso ez dutela ere nabarmendu zuten.

Hutsetik hasiko den epaiketa

Behin sumario nagusiko sententzia irmo bihurtuta, eta Egunkaria-ren eta ETAren artean inongo loturarik ez zegoela frogatu zenean, Jose Maria Vazquez Honrubia epaileak Egunkaria auziko atal ekonomikoa Auzitegi Nazionaletik Donostiako epaitegira mugitzea erabaki zuen iazko maiatzaren 5ean. Auzitegi Nazionala narkotrafiko eta "terrorismo" gaiak epaitzeko sortu zen, eta Egunkaria auzian "terrorismo zantzurik" ez zegoela ebatzita, auzitegiak dagoeneko eskumenik ez zuela azaldu zuen.

Gauzak hala, Donostiako zigor epaitegiaren esku dago auzia orain. Beste epaitegi bat izaki auzia berriro hutsetik hasi behar dela azaldu du Torrealdaik. Fiskala ere beste bat izango da, noski, eta ezin da jakin zer zigor eskaera egingo duen. Zerga iruzurra egitea, diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzen iruzurra egitea egotzita daude auzipetuta zortzi lagunak. Dignidad y Justicia elkartea herri akusazio gisa aurkeztuko da; ez, ordea, auzi politikoan aurkeztu zen AVT. Epaiketa Auzitegi Nazionalean zegoenean, 13 urtetik 26 urtera bitarteko kartzela zigorra eta isun ekonomiko handiak eskatu zituen herri akusazioak.

Auzipetuek azaldu zutenez, Egunkaria-ren absoluzioa iritsi zenean zalantza zegoen "salbuespena ala norabide aldaketa" izango ote zen. Gerora, Udalbiltzako kasuan erabaki bera hartu dela ikusita, "salbuespena baino zerbait gehiago" izan zela pentsatzen dute zortzi auzipetuek.

Aurrekari horiekin, eta epaiketa Auzitegi Nazionaletik at dela jakinda, "pozik" daude auzipetuak, eta auzia "errazago" izango dela uste dute. Halere, ez dute "itsutu" nahi: "Damoklesen ezpata oraindik geure buruen gain zintzilik, mehatxu gordinean daukagu; iazko apirilean iritsitako absoluzioa eskuratu arte genuen bezala, ez gutxiago".

Bi azpeitiar atxilotu zituzten

Guardia Zibilak 2003ko martxoan egin zuen auzi ekonomikoko operazioa, eta Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria azpeitiarrak atxilotu zituen. Hala eta guztiz, biak ez epaitzea erabaki zuen auzitegiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide