Gernikako Akordioaren eskualdeko sinatzaileek datorren zapatuan, hilak 26, Donostiko Atano III.a pilotalekuan egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzeko deia egin dute. Donostian egingo den ekitaldian akordiora atxikitu diren eragileen berri-eta emango da eta Azpeitian bertara joateko autobusa antolatu dute.
Martxoaren 5ean, zapatua, ekimen "erraldoia" egingo dute Urolako Gernika mahaiak antolatuta: "Sentsibilitate politiko eta sozial desberdinetako jendea, zahar nahiz gazte, emakume zein gizonezkok osatutako ekimena izango da". Loiolako basilika aurrean Konpromisoa
hitza osatzeko mosaikoa egingo dute eta bertan parte hartzeko deia luzatu diete Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoako herritarrei. 12:00etan izango da hitzordua eta antolatzaileen arabera, "Euskal Herriarekin konpromisoa, balore demokratikoekin konpromisoa, elkarrizketekin konpromisoa eta prozesu demokratikoaren parte izatearekin konpromisoa izatea aldarrikatuko dugu mosaikoarekin".
Urola eskualdeko sinatzaileek jakinarazi dutenez, "Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari irtenbide demokratikoa bilatzeko ezinbestekoa dugu herritarron konpromisoa". Gainera, herritarrek ematen diren urrats desberdinetan "parte hartze aktiboa" izan behar dutela eta "herri hau konponbidera eramateko motorea herritarren indarrak izan behar" duela esan dute.
Duela hilabete batzuk hasi ziren Azpeitian Gernikako akordioak biltzen dituen edukiak zabaltzen eta ekimenak antolatzen. Hala nola, agerraldi publikoak, eskuorrien banaketak, ekitaldiak, argazki erraldoiak... egin dituzte.