San Jose egunez jokatuko dute Loiolako X. Mendi Biatloia

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 11a, 12:03

Loiolako zirkuituan hamar kilometro bizikletaz eta lau lasterka osatu beharko dute parte hartzaileek

Azpeitiko udal igerilekuan dutxatzeko aukera izango dute nahi dutenek

Loiolako San Jose festak gerturatzen ari dira eta bertako festa batzordeak egitaraua osatzeari ekin dio. Urtero legez, mendi biatloia jokatuko dute larunbat arratsaldean. X. San Jose Mendi Biatloia izango da aurtengoa.

Martxoaren 19an San Jose egunez izango da kirol proba, 16:30ean hasita. Biatloiaren aurreneko zatian 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute mendiko bizikletarekin. Loiola inguratzen duen bost kilometroko zirkuituari bi itzuli eman beharko dizkiote. "Ibilbide polita da eta errepidez egiten den zatia, %30 ingurukoa, ongi itxita egoten da, Udaltzaingoaren laguntzari esker", esan dute Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordekoek.

Mendi bizikletarekin egin beharreko lanak bukatuta, lasterkako saioaren txanda izango da. Guztira, lau kilometroko ibilbidea osatuko dute kirolariek, kilometro bateko zirkuituari lau itzulia emanez.

Parte-hartzea saritua

Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte proba herrikoian parte hartzera. Parte hartu ahal izateko 10 euro ordaindu behar da proba hasi aurretik, irteera gunean bertan. Dortsalarekin batera elastiko bat oparituko diote partehartzaile bakoitzari.

Mendi biatloia bukatu ondoren, bizikletak garbitu ahalko dute kirolariek Loiolatxo elkartean bereziki prestatutako gunean. Gainera, Azpeitiko udal igerilekuan dutxatzeko aukera izango dute hala nahi duten parte-hartzaileek.

Sariak banatzeko ekitaldia Loiolatxo elkartearen egoitzan egingo dute. Parte hartu duten guztiek salda, eta haragi eta txorizo egosia dastatzeko aukera izango dute, eta kupelatik txotx egin ahal izango dute.

Iazko txapelduna

Iaz Xabat Manzisidor azpeitiarra izan zen irabazlea, 43:10eko denborarekin. Abraham Olano sailkatu zen bigarren postuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide