Emakumeenganako indarkeriari aurre hartu!

Haizea Egiguren (Urola Kostako Koordinadora Feministako kidea) 2011ko mar. 18a, 12:03

Notizia beldurgarria entzun dugu gaur gure herrietan. Amaia Azkue Aldabaldetreku orion jaiotako baina Zarautzen bere bizimodua egiten zuen 39 urteko emakume gaztea bortizki hilik agertu da Ibaieder urtegian (Azpeitian).

Sinetsi ezinda gaude notizia, nahasmen ugari sortu da komunikabideetan, ertzaintzak emandako bertsioetan baina kontua da Amaiak orain dela bi egun arte Zarautzen egiten zuela bere bizia eta bat batean, bortizki kolpatua eta eraila izan dela.

Emakumeon kontra egiten diren eraso guztietan sexismoa inplizituki bada ere beti agertzen da. Hortaz, Amaia emakume izateak bere erailketan eragina izan duela iruditzen zaigu. Herrizaingo Saila kontuan hartzen ari den hipotesiez gain, hildakoa eta hiltzailearen arteko menpeko harremana ezin aipatu gabe utzi. Emakumeen kontrako indarkeria ez da beti agerikoa. Egiturazkoa den indarkeria da, jendarteak antolatzeko duen eredutik hasi eta gure bizitzako esparru guztietan ematen dena. Patriarkatuak sexuen artean ezartzen dituen botere harremanek ahalbideratzen dute indarkeria sexista eta batzuetan zuzenean ematen da eta besteetan aldiz zeharka.

Minduta eta haserre gaude, emakumeen kontrako indarkeriak ez duelako etenik, horren adibide dira baita ere astelehenean lan istripuz hil zen Santurtziko etxeko langilea edota azken egunotan jaso ditugun tortura sexisten salaketak, baita 2009tik desargetua dagoen Nora Gasteiztarraren kasua ere. Indarkeria mota hau gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da. Emakumeon aurkako indarkeria patriarkatuaren oinarrian dago, eta honek, gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen du biolentzia.

Ozen salatu nahi dugu Amairen erailketa. Lehen bait lehen gertatu dena argitzeko eskatzen dugu batetik. Bestetik familia eta lagunei gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu une gogor hauetan. Emakumeon indarkeriaren aurrean erantzunkizuna guztiona da. Jendarte eredu berri bat beharrezkoa dugu.

Emakumeok beldurtzen gaituenaren aurrean, erasoen aurrean, autodefentsa feminista eta gure arteko elkartasuna lantzen jarraituko dugu. Amaiari gertatua, guztioi gertatu zaigula sentitzen dugulako, oihu egin nahi dugu: Indarkeri sexistarik ez! Emakumeon kontrako indarkeriari aurre hartu!

Horrenbestez, gaur, ostirala, 19:30ean kontzentrazioa egingo da Azpeitiko plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide