Uztarria.com, 'Berria.info'-n

Berria.info, uztarria.com 2011ko mar. 21a, 17:03

Honela ikus daitezke gaurtik aurrera Uztarria.com-eko albisteak

Topaguneak eta Berria taldeak edukiak elkarrekin banatzeko hitzarmen bat sinatu dute

Gaurtik aurrera, tokiko informazioa ere emango du Berria.info-k hasierako orrian

Uztarria.com-en argitaratzen diren albisteak Berria-ren webgunean ere irakurri daitezke gaurtik aurrera. Aurrerapauso nabarmena egin du www.berria.info webguneak, tokiko informazioa ere ematen hasi baita Berria.info-ko hasierako orrian. Batetik, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko bazkide diren tokiko hedabideen webguneetako albisteen jarioa automatikoki Berria-ren webgunean txertatuko da. Albiste horiek ez ezik, herrika antolatuta dauden Hitza.info guneek sortzen duten jarioa ere agertuko da, baita Arabako Aiaraldea.com euskarazko atariak sortzen duena ere. Era horretan, Berria taldearen helburua ahalik eta herri gehienetako informazioa ematea da. Gainera, erabiltzaileak tokiko informazioa pertsonalizatzeko aukera izango du Berria.info-n. Alegia, informazio nazionalaz gain zein herritako informazioa jaso nahi duen aukeratu ahal izango du erabiltzaileak. Uztarria Komunikazio Taldea Topaguneko kide da, eta Urola Kostako Hitza-ren sortzaileetakoa.

Bestetik, herri informazioa jorratzen duten atariek aukera izango dute Berria.info-k lantzen duen informazioaren jarioa euren webgune propioetan txertatzeko.

Topaguneak eta Berria taldeak edukiak elkarrekin banatzeko hitzarmen bat sinatu dute, eta argi dute euskarazko komunikazio proiektuak ez daudela egoera samurrean, finantza krisiak eta prentsaren eredu krisiak bat egin dutelako. Hori horrela izanik, Topaguneak eta Berria taldeak inoiz baino beharrezkoago ikusten dituzte elkarlana eta elkarrekintza. Bi komunikazio taldeen aldetik sortzen den informazioa irakurleei modu eraginkorragoan emateko bidea ikusi dute ekimen honen bidez.

Tokiko informazioa lehen ere Tokikom.com helbidean bateratzen du Topaguneak, eta pauso honekin zabalkunde handiagoa eman nahi diote herrietako informazio horri Berria.info-n.

Topaguneak eta Berria taldeak sinatutako hitzarmenaren bidez, albiste jariotik jasotakoa euren papereko argitalpenetan argitaratzeko eskubidea ere aitortzen diote elkarri sinatzaileek, betiere iturria ondo azpimarratuta.

Hitzarmenak jasotzen duenez, halaber, tokiko informazioaren iturrien alboan Tokikom.com ere nabarmenduko da Berria.info-n.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide