Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hitzarmena sinatu dute, Kilometroak 2011ren baitan. Donostiako Ikastolen Etxean sinatu zuten akordioa Arantxa Mendizabal Euskal Herriko Ikastolak Kooperatibako Gipuzkoako Lurralde ordezkariak eta Aitor Unanue Ikasberriko lehendakariak.
Hitzarmen honek eta, beraz, europar kooperatibako partaide izateak Azpeitian Kilometroak festa ospatzea ahalbidetuko du. Horrela, kooperatiba osatzen duten erakundeak eta Euskal Herriko Ikastolak kooperatibako hainbat teknikari elkarlanean arituko dira Kilometroak 2011 antolatzerakoan.
Modu horretan, Kilometroak, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urratsek elkargunea izango dute. Ikastola guztiak lanean batera aritzearen garrantzia azpimarratu zuten Arantxa Mendizabal eta Aitor Unanuek, eta bi erakundeen arteko elkarlana sendotzeko asmoa ere agertu zuten.