Amaia

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) 2011ko mar. 22a, 14:03

Sekula ez du Ibai-eder urtegiak izen hori hain desegokia izan. Hantxe aurkitu zuten, gorpu, Amaia, beti irriño bat ezpainetan, beti argi, beti adeitsu, familiari eta lagunei emana bizi zen emazteki oriotarra. Ezagun edo ezazagunagoa izateak ez dio larritasunik kendu edo eransten gertakari lazgarri honi, baina hurbiletik bizi izan duzunak beti eragiten dizu gehiago, eta ezin ditugu burutik kendu Amaia zenaren bi alabatxoak.

Urola Kostan sekulako zirrara eragin du krimenak. Denok, nahi gabe ere, behin eta berriz galdera berberak egiten dizkiogu geure buruari, hain ilun eta ulertezin gertatzen zaigun jazoeraren hari muturrak lotu nahirik. Nork? Nola? Zergatik? Hiltzaileak, nornahi dela ere, ingurua ez du arrotz. Ez dirudi, edonola ere, gauzak oso landuak zituenik, edo oso buru-argia denik, edo presio horren pean oso azti jokatu duenik. Aratz-errekan gauzak zaborretara bota eta ur bedeinkatuaren ontzian eskuak garbitu zituena gaiztagina izan bada, denbora asko baino lehen atzemango dute. Gorpua utzi duen lekutik kilometro gutxira bere burua horrela erakusteak ihesbiderako aukera gutxi utziko dio. Gauzak lehenbailehen argitzeko desioa eta hiltzailea nor den jakiteak eragin diezagukeen barne lurrikara, bi sentipen horien nahasmenean zurrunbiloturik gabiltza erabat.

Urruneko kontuak iruditzen bazitzaizkigun ere, gero eta maizago gertatzen dira gurean ere borroka armatuarekin zerikusirik ez duten indarkeria ekintzak, eta horietako asko ezin zaizkie, askok nahiko lukeen moduan, etorkinei leporatu. Nuarbe ez da Huelva, gure telebistetan ez dago Ana Rosarik, hemen ez da, hain segur, epaiketa paralelorik izango, baina krimenetik krimenera ez dago alde handirik, denak dira deitoragarri, higuingarri, beldurgarri. Amaia hil bakarrik ez dute egin, krudelkeriaz erail dute, aurpegia eta burua txiki-tzeraino kolpatu. Familia zoragarri bat xehatu dute, eta guri ez zaigu elkartasun eta goxotasunik zinezkoena eskaintzea beste aukerarik geratzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide