Aurtengo bertsoaldiaren baitan, Bota bertsoa
lehiaketa jarri zuen abian Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. Biribilguneak gai hartuta, hiru bertsoko sorta osatu behar zituen parte hartzaile bakoitzak eta herriko taberna desberdinetan zeuden itxulapikoetara bota.
German Zelaia izan da lehiaketako irabazlea, epaileek aho batez hala erabakita. Bigarren, berriz, Manuel Agirretxe eta Txillerramendiko Bentatxo izan dira. Horrenbestez, Zelaiak Letea Jatetxean bi lagunentzako afaria irabazi du, eta Agirretxek eta Bentatxok 2009ko txapelketa nagusiko liburua eta DVDa. Guztira, 19 bertso sorta jaso dituzte.
Sari banaketa joan den ostiralean egin zuten, Letean, errezildarrek eta azpeitiarrek jokatu zuten bertso erronkako botoak jaso bitartean.
Hona bertso-sorta irabazlea:
.1. Aurrera atera zuten
zeukaten proiektu mota,
puntu batzuk aldatzeko
nahiz egin genun borroka,
alferrikan joan ginen
alkateai ate joka,
aurkeztutako puntuak
denak pikutara bota,
tinko mantentzen zuen hark
agintearen erronka,
egin-egin beharra zegon
ez geunden rotondan kontra,
eman behar banuke gaur
egindako obran nota,
interesen garaipena
arrazoiaren porrota.
.2. Rotonda honek baditu
esames batzuk piztuak,
balantzan jarriak daude
txaloak eta txistuak,
bi atzerritar lanean
beraientzat arriskuak,
sei gorbatadun begira
hoiek bai tipo listuak,
aurrekontu bat bazegon
bikoiztu dira gastuak,
gorbatak izango ziren
oraingo inprebistuak,
politika ta eraikuntza
biak dauzkagu nahastuak,
lurrarekin gutxiena
zikintzen dira eskuak.
.3. Alde ona bilatzea
behar bada komeni da,
nahiz zabal zabalik egon
nahi ta ezinan herida,
rotonda honetan ere
beste rotonden harira,
gurpil-hots eta tronpoak
laster iritsiko dira,
Zabaletxeko muinotik
zer nolako ikusmira,
honek hartu bailezake
rally sprintan distira,
inork minik hartu gabe
talkak egongo balira,
tailer hutsak betetzeko
balioko du sikira.