Aurten 50 urte beteko dira Julian Barrenetxea musikaria hil zela, eta 25 urte haren izena daraman abesbatza sortu zela. Hori dela eta, urtean zehar urteurren horiek ospatzeko hainbat ekitaldi izango da.
Horrela, larunbat honetan, parrokia aurretik Erdikalera doan kantoiari Julian Barrenetxea izena eman eta plaka jartzeko ekitaldia izango da, 12:00etatik aurrera.
Bertan, Juan de Antxieta musika eskolako eta dantza solteko ikasleek aurreskua dantzatuko dute, eta Julian Barrenetxea eta Parrokiko abesbatzek Agurra, Kantuz eta Agur Jauna abestiak kantatuko dituzte. Azpeitiko Udalak herritar guztiei dei egin die larunbateko ekitaldian eta aurrerantzean egingo direnetan parte hartzera.