Laguntzaile ugarirekin aurkeztuko dute Imuntzok eta Belokik diskoa

Uztarria.eus 2011ko api. 7a, 12:04

Ezkerretik hasita, Beloki, Ansa eta Imuntzo. (Hitza)

Larunbatean 19:00etan Sanagustinen izango da aurkezpena

Musika Eskolako ikasle, irakasle eta dantzarien laguntzarekin aurkeztuko dute diska

Larunbatean modu oso berezian eta laguntzaile askorekin batera aurkeztuko du Imuntzo eta Beloki bikoteak bere azken lana, Gezurra ez da egia . 19:00etatik aurrera Sanagustin kulturgunean izango da hitzordua, trikitiaz, musikaz eta dantzaz gozatzeko.

Euren seigarren lana den honek folk ukitu berriak biltzen ditu, eta biolinak, flauta, gitarra eta Maider Ansaren ahotsa erabili dituzte horretarako. Kanta tradizionalak ere badira, ordea. Abestien erdiak eurek sortuak dira, beste erdiak bertsioak.

Jaialdi berezia

Disko hau Azpeitian aurkezteko jaialdi berezi bat prestatu dute Juan Ramon Azpitarte Imuntzo azkoitiarrak (soinu txikia) eta Eleuterio Jauregi Beloki zaldibitarrak (panderoa, ahotsa).

.18 abestiz osatutako errepertorioa eskainiko dute Sanagustingo jaialdian. Hortik hamar eurek bakarrik eskainiko dituzte. Gainerakoetan, ordea, laguntzaile talde batekin ariko dira. Imuntzo irakasle den Juan de Antxieta Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek parte hartuko dute hainbat abestitan: trikitilariek, txirula-jotzaileek, txistulariek edo Antxieta Abesbatzak, esaterako. Dantza askeko ikasleek ere hartuko dute parte, baita Dantzaki taldeko kideek ere. Horretaz gain, Xabi Arakamak eta Unai Frantzesenak txalaparta joko dute abesti batean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide