Lan Mobel ISBk 91-81 irabazi dio luzapenean ADT Tarragonari

Urola Kostako Hitza 2011ko api. 9a, 01:04

Zilarrezko LEBean urtebete gehiagoz aritzeko aukerak ugaritu zaizkio, baina azken partidan erabakiko da mantentzen den ala ez

Kiroldegian inoiz ez bezela babestu dute taldea bertan bildu diren ehunka zaletuk

Lan Mobel ISBk emozioz beteriko garaipena lortu du gaur (ostirala) gauean Azpeitiko Kiroldegian ADT Tarragonaren aurka jokatutako partidan. Luzapenean gailendu dira Iraurgikoak 91-81eko emaitzarekin. Garaipen honek gertuxeago uzten dio taldeari Zilarrezko LEB mailan beste urtebetez aritzeko aukera. Dena den, sailkapenean berdinduta duen CB Illescasek Plasenciari irabazi dio eta, beraz, datorren astean Tijolaren aurka Almerian jokatuko duten partidan erabakiko da taldea maila honetan mantentzen den ala ez.

Zentratuta eta indartsu

Jon Txakartegiren mutilek bazekiten zer zuten jokoan gaurko partidan eta indartsu atera dira kantxara. Lehen 3 minututan 9-2ko partziala lortu dute, baina Tarragonakoek jarraitu egin diote etxekoen erritmoari eta lehen laurdenaren amaieran 20-12an zegoen markagailua.

Bigarren laurdenean kolokan jarri da partida eta Tarragonakoek distantziak moztu ahal izan dituzte, izan ere Lan Mobelekoak defentsan ondo aritu arren, atakean ez dute behar bezala asmatu. Atsedenaldira 39-33ko emaitzarekin iritsi dira.

Hirugarren laurdenean aurre hartu dio Tarragonak Lan Mobeli une batean (45-37, 25. min), urdiritasunak zehaztasunean eragin die etxekoei. Baina, buelta ematea lortu dute azkenean, 14-2ko partziala lortzeraino. Laurdenaren amaieran 59-53an zegoen markagailua.

Azken laurdenean, bazirudien Lan Mobeli denboraldi honetan sarri egokitu zaion tentsioz beteriko amaiera estuetakoa zetorkiola. 65-58 (35.min) zihoazela, kanpotarrek eman diote buelta markagailuari 65-67ko (36.min) emaitza lortuz. Kanasta trukaketa baten ostean, 78-78an zeudela iritsi da laurdenaren amaiera. Luzapenera, beraz.

Luzapenean nagusi

Azken bost minutuetan, Ibargutxiren hirukoak eta De la Fuenteren saskiratzeak bosteko abantaila eman die etxekoei eta ondoren 9-2ko partziala lortu dute (87-80). Tarragonakoek puntu bat lortu dute falta baten osteko jaurtiketa libreetan eta hortxe gelditu dira, 81 puntuetan; Brattonen eta Mortellaroren saskiratzen banarekin 91-81ean amaitu da azkenean partida.

Zaleek gogotik ospatu dute Lan Mobelen garaipena, partida osoan zehar txarangaz lagundutako animo oihuak inoiz baino ozenago izan dira eta azkenean ikuslegoak, zutik, txalo zaparrada eskaini dio taldeari. Datorren urtean maila berean ikusiko dituzten esperantzan agurtu dute taldea etxeko azken partida izan den honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide