Ollagorra elkarteak arrantzarako araudia gogorarazi du

Uztarria.eus 2011ko api. 12a, 15:04

Ollagorra elkartekoak amuarrainak askatzen Urola ibaian. (Ollagorra elkartea)

Uztailaren 31n, San Inazio egunean, bukatuko da denboraldia

Elkartekoek arrantza atsegin dutenei "gozatzea" opa diete

Hilaren 3az geroztik, irekita dago arrantza denboraldia. Hori dela-eta, Ollagorra Ehiza eta Arrantza elkarteak araudia gogorarazi du.

Aurten ere, hiru amuarrain harrapatu daitezkeela jakinarazi dute eta, gutxienez, 22 zm-ko luzera eta, gehienez, 35 zm-koa izan beharko dutela gaineratu dute. Neurri horiek betetzen ez badituzte, amuarrainak uretara itzuli beharko dira.

Foru Aldundia eta Federazioarekin izandako negoziaketen ondorioz, Ibai-Eder eta Urola ibaiak hil gabeko arrantza eremuak izango dira. Ibai-Eder urtegian ere arrantzatu daiteke, eta ibaietako arautegi berdina bete behar da han ere.

Ibai-Ederren, Zapatari baserria eta Urolako ur gurutzea bitartean, eta Urolan, Badiolegiko presa eta Zestoako bainuetxea bitartean, araudi berezia dago. Arpoirik gabeko amuekin soilik arrantzatu daiteke. Gainera, zizare eta zebo naturalarekin ere ezingo da jardun. Kutxarila erabiltzen baldin bada, berriz, amu bakarrarekin erabili beharko da.

San Inazio egunean, uztailaren 31n, bukatuko da arrantza denboraldia.

Amuarrainak botata

Joan den apirilaren 5ean, Ollagorrakoek Urola ibaian amuarrainak askatu zituzten. Horrela, "herriko gazteen afizioa bultzatu nahi" izan dutela jakinarazi dute. Arrantza atsegin dutenei, berriz, "gozatzea" opa diete elkartekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide