Azpeitiko familia euskaldunetan egonaldiak egiteko aukera izango da udan

Uztarria.eus 2011ko api. 19a, 14:04

Euskara ikasleak etxean jaso nahi dituzten familiek hilaren 20a, bihar, izango dute izena emateko azken eguna

Ikasleek, berriz, maiatzaren 9tik 27ra bitartean eman beharko dute izena

Euskara ikasi edo hobetu nahi duten ikasleentzat zein horiek etxean jaso nahi dituzten familientzat elkartruke programa jarri dute abian Bilboko Ulibarri eta Donostiako Urrats euskaltegiek Haberen babesarekin.

Ikasleek hamabost eguneko, hilabeteko edo bi hilabeteko egonaldiak egiteko aukera izango dute. Uztailean, abuztuan eta irailean egingo dute elkartrukea.

Egitasmoan parte hartu nahi duten familiek baldintza batzuk bete beharko dituzte: familia bizi den udalerrian biztanleriaren %70etik gora euskalduna izatea, familia gutxienez hiru kidekoa izatea, komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntza euskara izatea, ikasleari bere logela uztea...

Trukean, familiek diru kopuru jakin bat jasoko dute: hamabost eguneko egonaldiagatik, 395 euro. Hilabetekoagatik, 685 euro eta bi hilabeteko egonaldiagatik, berriz, 1.370 euro.

Ikasleek, berriz, 18 urtetik gora izan behar dituzte eta euskara ikasketen zortzigarren maila edo horren baliokidea gaindituta izan behar dute. Ikasleek hamabost eguneko egonaldiagatik 215 euro ordaindu beharko dituzte. Hilabetekoagatik, 360 euro eta bi hilabetekoagatik 670 euro.

Interesa duten familiek bihar, asteazkena, izango dute izena emateko azken eguna eta 943 465 593 telefonora deitu beharko dute. Ikasleek, berriz, maiatzaren 9tik 27ra bitartean eman beharko dute izena 944 162 472 zenbakira deituta. Informazio gehiago behar dutenek www.egonaldiak.net helbidean aurkitu dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide