Baserritarrak, etxeko langileak, garbitzaileak, kanporatuak, pentsionistak, langabetuak, zaintzaileak, putak... gara emakume langileak. Gazteak, helduak, euskaldunak, etorkinak gara Euskal Herrian bizi garen emakume langileak. Adin eta kolore desberdinetako emakumeak gara, bai; gutako bakoitzak modu bereizituan pairatzen ditugu krisi ekonomiko sozial honen alde ilunenak. Emakumeon etengabeko prekarizazioa da krisi ekonomiko hutsaletik harago doan sistemaren krisi sistematikoaren ezaugarri nagusietako bat. Baina, prekarietatea izanik gure ezaugarri, gure egoera eraldatzeko apustuak batzen gaitu guztiok. Feministok prekarietateari planto, bizitza duinera salto egingo baitugu.
Ez gaudelako prest gure bizitza osoan etxeko eta zaintza lanaren inolako errekonozimendurik ez jasotzeko. Behin eta berriro entzun behar izan dugu emakumeok inaktiboak
ginela, nahiz eta egun guztia lan batean edo bestean pasatu. Eta oraingo pentsioen erreformarekin zer? Lan merkatuan baldintza kaxkarretan sartzeko aukera izan genuenok, ordainetan erretiro lan saria jasotzeko eskubidea arriskuan dugu, orain kobratzen dugun kopurura (600) ere ez baita iritsiko.
Bestalde, lan merkatuan jarduten dugun emakume langileon jarduera gehiena ezkutukoa da: bai sozialki eta baita administrazioaren aurrean ere. Zaintza lanen karga guztia jasotzen dugunok emakumeak gara eta bateragarritasun politiken fraudea jasan eta pentsio duin bat izateko inolako aukerarik izango ez dugunak ere bai. Ez baikara kotizazio urteetara helduko. Zeinek kotizatu ditu 38 urte?
Emakume langileon errealitatea benetan da larria eta horren adibide dugu emakume gazteon egunerokoa, zeinetan, gure etorkizuna kolokan dagoen. Zailtasunak ditugu lan merkatuan sartzeko, gehienak merkatu ezkutuan gaude lan eskubideak bermatu gabe eta langabezia tasa oso altuak ditugu. Orain, gainera, pentsioen erreformak oinarrizko soldata minimo bat ere ez digu bermatuko.
Baina, prekarietatea eta eskubideen ukazioak ezaugarritzen gaituen arren, ekonomiaren subjektu moduan aintzat hartuak izateko lanean dihardugu. Gure borroka ez baitago krisian! Eta horregatik maiatzaren 1 honetan ere, Euskal Herriko emakumeok kalera aterako gara bizitza duina izatea ahalbidetuko diguten eskubideak defendatzeko.
Batetik, emakumeok ekonomiaren subjektu moduan aintzat hartuak izateko bidean ezinbestekoa da lanerako eskubidea oinarri izatea. Lanaren kontzeptuaren inguruko definizio berria eman behar da, lan produktibo eta erreproduktiboaren errekonozimendu soziala, politikoa eta ekonomikoa eman. Horrela, ekonomiaren kontabilitatean sartuko da. Hori horrela izanik, egun indarrean dagoen etxeko langileen erregimen berezia ezabatzea exijitzen dugu.
Bestetik, Euskal Herriko emakumeok diru sarrera minimoak izateko eskubidea dugu. Emakume bakoitzak beharrezkoak dituen prestazio ekonomiko eta gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea oinarri izanik, ezin du pobreziaren mugatik beherako oinarrizko soldata onartzen duen lan hitzarmenik egon. Beraz, egun dauden prestazio eta laguntza desberdinak pobreziaren mugara iritsi behar dute behintzat.
Gainera, etxebizitza oinarrizko eskubidea izanda, merkatuaren logikatik eta espekulaziotik kanpo geratu behar du eta instituzio publiko-politikoek hori bermatzeko bitarteko guztiak jarri beharko dituzte.
Horrez gain, egun dagoen zerbitzu publikoen murrizketen aurrean, emakumeak ez gara isilduko; ezinbestean gure bizi baldintzak hobetzeko aurrekontuak exijituko ditugu. Oinarrizko eskubide sozialen aldarrikapenak egi bihurtu behar ditugu: 0 urtetik aurrerako hezkuntza integrala, osasungintza integrala, bazterketa soziala ekiditeko mekanismoak, elkarbizitza unitate eredu ezberdinak aukera berdinak izatea...
Duintasunik gabeko etorkizunera kondenatu nahi gaituzten arren, guk geuk, gaurdanik dagokigun geroa eraikitzen jardun behar dugu. Gure eskubideen aldeko borrokan, Euskal Herri feminista lortzeko borroka ez baitago krisian. Beraz, maiatzaren 1ean, gure herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dizuegu. Zuei, emakume langile guztiei!