Sanjuandegiko festak gerturatzen ari direla-eta, auzotar talde bat egitaraua prestatzen hasia da dagoeneko. Aurten, maiatzaren 31tik ekainaren 5era bitartean izango dira festak eta hainbat ekimen izango da auzoan egun horietan.
Antolatzaileek esan dutenez, "ilusioz eta indarrez" ekin diote auzolanari, baina "guztiontzat dago zeregina" eta auzoko festak "indartu nahi dituen orori" dei egin diote antolakuntzan lagun dezaten. Horrenbestez, Sanjuandegiko Festak antolatzerakoan ekarpena egin nahi duenak edota informazioa jaso nahi duenak maiatzaren 3an izango du hitzordua auzoko lokalean, 21:00etan hasita.
Egitaraua antolatzen hasiak dira dagoeneko eta hainbat kontzertu antolatu dituzte. Ekainaren 3an, ostirala, Never Surrender
eta Itziarren Semeak
taldeen kontzertuak izango dira. Ondoren, Laket
taldearen erromeria. Ekainaren 4an, zapatua, Skandalue
elektrotxarangak eta 121 Krew
taldeak izango dira arratsaldean. Gauean, berriz, Fiachras
eta Ze Esatek!
taldeak igoko dira oholtzara. Eguna borobiltzeko 'DJ Referee'-k jarriko du musika karpan.