Azpeitiko Bilduko 'susmagarriak', Fiskaltzaren arabera

Uztarria.eus 2011ko api. 29a, 12:04

Haren inpugnazio idatziak dio koalizioko bi hautagai GaztEHerria ekitaldira joan zirela, bat Gudari Egunera eta lau D3M hautes elkartearen abalista izan zirela

Auzitegi Gorenak larunbat gauerdirako hartuko du erabakia

Azken albistea (apirilak 29, 22:00). Bilduren alegazioan Azpeitiari buruzkoa 105. orrialdean. Koalizioak dio GaztEHerria ekitaldira joan zirenak kontzertuetara besterik ez zirela joan

Atzo gauean aurkeztu zuen Espainiako Fiskaltzak Bildu koalizioaren hauteskunde zerrenda denen aurkako inpugnazioa Auzitegi Gorenean eta, haren idatzian irakur daitekeenez (242 eta 243. orrialdeak), Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenak aintzat hartuta Azpeitiko Bilduren zerrendan zazpi pertsona susmagarri daude:

  • "Aritz Epelde Zinkunegi 7. hautagaia, 2010ean Durangon izandako GaztEHerrira joan zen. Gazte mugimenduaren ekimen bat da, Segi, Gazte Abertzaleak eta beste talde batzuek sustatutakoa, eta ezker abertzalearen estrategia gazteen arlora pasatzea nahi du".
  • Imanol Amenabar Urkizu 9. hautagaia, bera ere ekitaldi hartara joan zen.
  • Juana Jauregi Zendoia 11. hautagaia, 2009ko Gudari Egunera joan zen.
  • 7., 8. eta 13. hautagaiak eta hirugarren ordezkoa, D3M 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako elkartearen abalista izan ziren".

Fiskaltzak uste du Batasuna legez kanpoko alderdi politikoak Bildu erabili egin duela. Idatziak dio Batasunaren helburua "prozesu demokratikoan aurrera egiteko indar metaketa" egitea dela. EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute Bildu koalizioa.

Estatuaren abokatuak asteazkenean inpugnazio idatzian zioen Azpeitiko Bilduren %20 "kutsatuta" dagoela. Ez zuen xehetasunik eman eta ez zuen frogarik aurkeztu.

Auzitegi Goreneko 61eko aretoko hamasei magistratuek larunbat gauerdirako hartuko dute inpugnazioei buruzko erabakia.

Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Inpugnazioak erabakitzeko epeak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide