Atzo, astelehen arratsaldean, aurkeztu zuten Azpeitiko Bildu koalizioaren hautagaien zerrenda, Auzitegi Gorenak koalizioa legez kanpo uzteko erabakiaren biharamunean. Eneko Etxeberria alkategaiak adierazi zuenez, "momentu zail hauetan ere, hemen gaude herritarrei gure konpromisoa erakusteko, zerrenda abertzale, ezkertiar eta aurrerakoia gara".
Adierazi zuenez, zerrendagai "guztientzat eta bakoitzarentzat zaila da zerrenda honetan egotea, terroristak deitu gaituztelako, birusa garelako, kutsatuta gaudelako". Baina, "gaitasun teknikoa eta eskarmentua" badutela adierazi zuen Etxeberriak.
Datozen egunotan aurkeztuko du taldeak herri programa; herri antolamendu urbanistikoaren proposamena egiteaz gain, gizarte zerbitzuak indartzeko apustua egingo dute eta, gatazka konpontzeko proposamenez gain, eredu ekonomiko berri baten beharra azpimarratuko dute. "Udal desberdina, positiboa, parte-hartzailea eta gardena" egiteko asmoa dute.