Datorren zapatuan, hilak 7, motorrez gozatzeko parada izango da Azpeitia, Errezil eta Bidegoian inguruan. Hamabigarren aldiz antolatu du Lagun-Artea eskuderiak Azpeitiko Rallysprinta. Iaz baino 25 gidari gehiago izango dira lasterketan; 95 guztira. Horietatik 14, gainera, azpeitiarrak izango dira. Bakoitzak Azpeitia, Errezil eta Bidegoian arteko 13,5 kilometroko errepidean hiru pasaldi edo itzuli egin beharko ditu.
Rallysprinteko euskal egutegian hitzordu garrantzitsua da zapatukoa. Puntuagarria baita espezialitate horretako Euskal Txapelketarako, Gipuzkoako Txapelketarako eta Nafarroako Txapelketarako. Antolatzaileen arabera, "ikuskizun dotorea ikusteko aukera izango da zapatuan".
Proba eta ordutegia
Larunbatean 10:00etatik aurrera egingo dira egiaztatze administratiboak eta teknikoak, Garoa kafetegian eta Azpeitiko Epaitegi aurreko plazan. Gero, 14:15ean, lasterketako zuzendariak azken oharrak emango dizkie Briefing-ean parte hartuko dutenei. Bazkalostean, 14:45ean, Epaitegiko plazatik aterako dira autoak Antzibar poligono alderantz. Han azken doiketak egingo zaizkie autoei eta 15:30ean ekingo diote kronometratutako lehen txandari. Autoak minutuko aldearekin aterako dira irteeratik.
Errepidea 14:00ak aldera itxiko dute, bidea egoera onean eta garbi dagoela egiaztatu ahal izateko. Antolatzaileek adierazi dutenez, txanda artean ez da errepidea irekiko. Beraz, lasterketa amaitu arte ezingo da bide horretatik pasatu.
Segurtasuna
Proba ikustera gerturatzeko asmoa dutenei, "leku seguruan jartzeko" eta zinta gorriz markatutako lekuetan "inoiz ez" jartzeko gomendatu diete antolatzaileek. Gainera, komisarioek emandako "ohar eta jarraibideak" eta "mendia eta ingurua" errespetatzeko eskatu dute: "Zaborrak-eta botatzeko leku zehatzak jarriko dira, gero antolatzaileentzat bilketa errazagoa izan dadin".
Zuzeneko kontakizuna
Azpeitiko Rallysprintera joan ezin dutenek Euskadi Irratiko Hiru Errege Mahaia saioan jarraitu ahal izango dute zuzenean proba. Horretaz gainera, interneteko www.lagunartea.com webgunean denboren berri-eta zuzenean emango dute.