Kultur Mahaiak kudeatuko du Sanagustin

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Urbieta (Kultur Mahaiaren izenean) 2011ko mai. 6a, 21:05

Udalak lehiaketa publikoa zabaldu zuen duela aste batzuk, eta atzoko plenoan hartu zuen erabakia. Hurrengo egunetan eraikinari buruzko kontratua sinatuko dute bi parteek

Azpeitiko kultur bilguneak dio "proiektu herritarra, taldeengan oinarritutakoa, plurala, orekatua, parte-hartzailea, bizia..." osatu duela; lehiaketako batzorde teknikoak oso balorazio ona egin du egitasmoaz

Azpeitiko Udalak Kultur Mahaiaren kooperatibari adjudikatu dio Sanagustin kulturgunearen kudeaketa. Udalak eraikinaren gestiorako lehiaketa publikoa zabaldu zuen duela aste batzuk, eta Kultur Mahaiak atera du. Atzo gauean egin zuten plenoa udaletxean, eta hantxe erabaki zen esleitzea.

Asteartean Udal Kontratazio Mahaiaren bilera izan zen, eta aditu batzordeko hiru kultur teknikariek Kultur Mahaiaren proiektuari buruzko oso balorazio ona egin zuten, euren idatzian ikus daitekeen bezala.

Kultur Mahaiak berrehunen bat orrialdeko egitasmoa aurkeztu zuen apirilaren 11n udaletxean —berak baino ez zuen aurkeztu proiektua—: Sanagustinen funtzionamendua, egitura —kulturgunea kudeatzeko kooperatiba sortu du Mahaiak—, ekitaldiak, marketinga, euskara, baliabideak, bideragarritasun ekonomikoa, baldintza tekniko eta legezkoak... Kultur Mahaiak uste du "proiektu herritarra, taldeengan oinarritutakoa, plurala, orekatua, parte-hartzailea, bizia..." osatu duela. "Azken batean, Sanagustin kulturgune erreferentziala izatea nahi dugu". Hurrengo asteetan egitasmoa gehiago xehetzen joango da hedabideetan.

Datozen egunetan kontratua sinatuko du Udalarekin

Atzo plenoak adjudikazioa egin ostean, Udalak eta Kultur Mahaiak datozen egunetan eraikinaren kontratua sinatuko dute. Horretaz gain, kultur bilguneak Udalari funtzionamendu hitzarmena egitea proposatuko dio.

Sanagustinek ostalaritza zerbitzua ere edukiko du, eta Kultur Mahaiak "garbi" adierazi nahi du hango "ardatza kultura" izango dela, eta ostalaritza diru iturri bezala planteatzen dela, "kultur programazioa aberatsagoa izan dadin". Aste gutxira hasiko dituzte obrak —ez dira handiak ere izango—. "Kudeaketa profesionala eta gardena" egingo duela dio Mahaiak.

Joan den urteko abenduaren 11tik dago irekita Sanagustin.

Kultur Mahaia Azpeitiko 24 kultur taldeek, lau udal taldeek, Hamaikabat alderdiak, Udaleko eta Mahaiko teknikariek, eta norbanako batzuek osatzen dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide