Iraurgi Cup Kirol Klubak alebin mailako gaztetxoentzako Iraurgi Cup futbol txapelketa antolatu du ekainaren 17tik 19rako. Txapelketa horri lotuta, datorren ostegunean, hilak 19, oinarrizko futbolaz hitzaldia izango da Sanagustinen, 19:00etan hasita.
Hitzaldi-eztabaida izango da eta moderatzaile lanak Txetxu Urbietak egingo ditu. Hizlariak, berriz, Realeko oinarrizko futboleko zuzendari Bittor Alkiza, Athletic-eko oinarrizko futboleko zuzendari eta Euskal Selekzioko hautatzaile Jabo Irureta, lehen mailako hainbat taldetako entrenatzaile izandako eta kirol esatari Xabier Azkargorta eta hainbat urtean Lagun Onakeko presidente izandako Jose Mari Eizagirre izango dira.
Antolatzaileek eztabaidara joateko dei egin diete azpeitiarrei.