Agur t´erdi, herrikideok!
Espainiar nahiz frantziar estatuko espetxeetan giltzapean gauzkaten azpeitiarrok lerro hauen bidez gure esker ona erakutsi nahi dizuegu Elkartasun Eguna gainean dugun honetan.
Sakabanaketak herritik urrundu gaitu, urruntasuna kilometroetan neurtuko bagenu. Haatik, egunez egun jasotzen dugun elkartasunak laburra egiten du zuen eta gure arteko tartea.
Gure ziegetara iristen den gutun bakoitzak denbora tarte bat lapurtzen dio espetxealdiari. Bisita bakoitzak familia bateko kide sentiarazten gaitu, koadrila bateko partaide, lagunen lagun. Telefono dei bakoitzak esaten digu hariaren beste aldean beti dagoela norbait gurekin hitz egiteko gogoz, gure galderei erantzuteko prest. Herriko aldizkari eta argazkiek horraino garamatzate, une batez ziegako leiho txikitik ihes egin eta herriko kale eta mendietan libre garela sentitzeraino. Gurekiko elkartasunez egiten den ekimen bakoitzak arnasberritu egiten gaitu, manifestaldi bat, pankarta bat, baraualdi bat, mozio bat, txosna bat, maindire, kontzertu bat, mus txapelketa bat, bertso saio bat, afari bat edo Elkartasun egun bat.
Finean, Elkartasunak pertsona egiten gaitu ukazioaren zurrunbiloan.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide izanik, Espainiako eta Frantziako gobernuen espetxe politikaren ankerkeriak gertutik ezagutzeko zoritxarra izan dugu. Sakabanaketa, bakartzea, jipoiak, biziarteko espetxe zigorra, ikasteko eskubidearen urratzea, euskaraz bizitzeko eskubidearen ukazioa, osasun asistentzia kaxkarra edo komunikazio duin baterako zailtasunak. Espetxezainen probokazioak, biluzteak, miaketak edo trabak. Hau da egunerokoan Kolektiboari ezarri zaion zigor gehitua eta honekin bizitzera behartuak gaude nahitaez. Alabaina, eskubide oro ukatuak izanda, etengabeko umiliazio eta zigorren gainetik, hemen gaude, duintasunaren jabe, askatasunarekin amesten.
Hormatzar hauen barrutik eta kanpotik egiten dugun ahaleginaren eta lanaren emaitza izango da egoera honekin amaitzea. Sinetsiak gaude euskal preso politikoen eskubideen alde Euskal Herrian osatzen ari den mobilizazio erraldoiak izango dituela etekinak. Sinetsiak gaude inoiz etxera itzuliko garela, Azpeitira, zuen artera.
Azpeitian egiten duzuen lan izugarria eskertzea da gaurkoan gure xedea. Ehunaka herritarren parte hartzearekin josi da elkartasun sarea Azpeitian, bakoitzak bere denbora libretik eta borondatetik zerbait eskainiz. Urte osoko lanaren erakusle argiena da ziurrenik Elkartasun Eguna. Belaunaldi, eremu eta kolore ezberdinetako herritarren izerdiarekin egun osoko egitarau oparoa osatu duzue aurtengoan ere, adin guztietara egokitua, herritar guztiei irekia. Bejondaizuela!
Luzatu gabe, herritar guztiak gonbidatu nahi zaituztegu maiatzaren 28an burutuko diren ekimenetan parte hartu eta elkartasun egunaz gozatzera. Gure gogoak hor egongo dira, hutsik egin gabe.
Muxuak eta besarkadak guztiontzat.