Soreasu Antzokia ostiralean irekiko dute

Uztarria.eus 2011ko eka. 1a, 13:06

Bigarren solairuko lanak-eta bukatu gabe daude eta Auditorioa soilik irekiko dute

Ostiral arratsaldean Gipuzkoako Eskolarteko 31. Bertsolari Txapelketako finala izango da, eta asteburuan, berriz, zinea

Ostiralean, ekainaren 3an, irekiko dute Soreasu Antzoki berria. 2006ko maiatzaren 9an hasi zituzten lanak, hiltegi zaharra botatzean eta, oraindik ere guztiz bukatuta gabe dago eraikina. Hori dela-eta, Auditorioa irekiko dute asteburu honetan eta asteburuero, ostiraletik astelehenera, zinea izango da.

Hala ere, bigarren solairuko lanak-eta bukatu gabe daude eta, beraz, Auditorioa bakarrik egongo da zabalik oraingoz.

Ostiral honetan, ekainak 3, Gipuzkoako Eskolarteko 31. Bertsolari Txapelketako finala izango da Soreasun, 16:00etan hasita. Hala, taularatzen diren bertsolariek estreinatuko dute aretoa. 14 urte arteko gaztetxoen saioa izango da lehenengo eta Zarauzko taldeak, Goierri-Elgoibarko taldeak eta Lazkaoko bi talde izango dira oholtzan. 14 eta 18 urte bitarteko bertsolarien finala izango da segidan eta Eñaut Martikorenak, Amaia Iturriotzek, Maialen Akizuk, Gema Urteagak, Elixabet Pagolak, Aitor Salegik, Imanol Irazustabarrenak eta Eneko Araiztegik abestuko dute. Gai-jartzaile lanak, berriz, Andoni Egañak egingo ditu. Behin bi finalak bukatutakoan bertso jarrien ataleko eta finaletako sari-banaketak egingo dituzte.

Astebukaeran, berriz, zinea izango da: zapatuan, igandean eta astelehenean. Zapatuan 16:30ean, Winni the Pooh eskainiko dute. Aldiz, 19:30ean eta 22:00etan Piratas del Caribe: En mareas peligrosas. Igandean ere zapatuko emanaldi berdinak izango dira 22:00etakoa izan ezik. Astelehenean, berriz, 21:30ean Piratas del Caribe: En mareas peligrosas emango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide