Sega lehiaketa jokatuko dute igandean, Ikasberri Ikastolako belardian

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 2a, 13:06

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko belardian jokatuko dute norgehiagoka.

.12.00etan hasiko da norgehiagoka, Euskal Herriko III. Bakarkako Sega Ligaxkako bigarrena

Sega lehiaketaz gainera, beste hainbat ekimen antolatu dituzte Kilometroak 2011ren baitan, ekainerako

Kilometroen jairako gero eta denbora gutxiago falta da, eta antolatzaileek giroa berotzen jarraitzen dute urriko hitzordura sasoi betean iristeko. Igande honetan, esaterako, sega norgehiagoka ikusteko aukera izango da Azpeitiko Ikastola Ikasberriren belardian. Izan ere, bertan jokatuko dute Euskal Herriko III. Bakarkako Sega Ligaxkako bigarren norgehiagoka.

Kilometroak 2011ren barruan, ekitaldia Almitza Sega Elkarteak eta Azpeitiko Ikastolak elkarlanean antolatu dute. Segaz gain, bertsolarien eta harri-jasotzaileen jardunaz gozatzeko aukera ere izango dute ekimenera bertaratzen direnek. Ekitaldia bertsoz jaztea Loidisaletxeren eta BeƱat Lizasoren esku egongo da, eta Goenatxo aita-semeen erakustaldiak egingo du gainerakoa.

Antolatzaileek adierazi dutenez, 40 segalari ari dira ligaxkan lehiatzen (12 emakumezkok eta 28 gizonezkok). Igandekoa jokatuta, saio bakarra geldituko zaie: ekainaren 18an Baliarrainen. Han jakingo da kategoria bakoitzeko irabazleak nor izango diren. Horretaz gain, erabakita geldituko da zeinek lortuko dituzten Europako Sega Txapelketarako txartelak ere. Lehiaketa hori abuztuaren 20an eta 21ean jokatuko dute, Esloveniako Cerklje na Gorenjskem herrian.

Festa eta lehia, biak bat

Ligaxka hainbat kategoriatan banatuta dago, eta igandean kategoria horien arabera ikusi ahal izango dira kirolariak lanean. Hala, 16 urtez azpikoen kasuan talde bakarra ariko da lehian; gizonezkoek eta emakumezkoek elkarren aurka jokatuko dute. 7x5 metro koadroko sailean ariko dira segan. Hortik gorako kategoriatan, bananduta jardungo dute, emakumezkoek emakumezkoen kontra, eta gizonezkoek gizonezkoen kontra. 16 eta 23 urte artekoek ere 16 urtez azpikoen tamainako lur saila izango dute lanerako zain, baita 23 urtez gorako emakumezkoek ere. Gainerakoek 10x10 metro koadroko azalera izango dute segan aritzeko; hau da, 16 eta 23 urte arteko gizonezkoek eta 23 urterik gorako gizonezkoek.

Ekaina, ekimenez blai

Hasiberria den hilabeterako antolatu dituzten ekimenen zerrenda ere plazaratu dute Kilometroak 2011ren antolatzaileek. Bihar bertan izango da lehen ekitaldia; Eskolarteko Bertsolari Txapelketa egingo dute Soreasun (lekua konfirmazio zain dago oraindik). Ekainaren 12an Klik! mendi ibilaldia egingo dute; Lagun Onak M.B.-k antolatutako XX.Helduen Ibilaldi Neurtua Kilometroak 2011ren alde izango da aurten. Azkenik, hilaren 18an eta 19an Lakrikun antzerki taldeak emanaldiak eskainiko ditu herrian.

Uztaila ere dotore hasiko dute: hilaren batean Benito Lertxundik kontzertua emango du.

Informazio gehiago behar izanez gero: www.azpeitikoikastola.com , www.almitza.org , www.kilometroak.net .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide