Bertako eta garaiko produktuen sukaldaritza ikastaroa emango dute datorren astean

Uztarria.eus 2011ko eka. 2a, 17:06

Ereiten proiektuaren baitan antolatu dute eta ekainaren 6an, 8an eta 9an egingo dituzte saioak, Zelai Luze elkartean

Mikel Uria, Isaak Bravo eta Xabier Oteiza sukaldariak izango dira irakasleak; bihar, ekainak 3, itxiko dute izen-ematea

Baratzezaintza ekologikoaren ondoren, sukaldaritza. Ereiten proiektuaren baitan, Ingurugiro Etxea Fundazioak eta Urkomek bertako eta garaiko produktuen sukaldaritza ikastaroa antolatu dute, "Egunero gure etxeetako sukaldean egiten ditugun platerak aldatzeko asmoz eta bertako zein garaiko produktuekin sukalde dibertigarri bat egin daitekeela ikusteko asmoz".

Datorren astean izango da ikastaroa eta hiru egunez emango dute: ekainaren 6an, 8an eta 9an, herriko Zelai Luze elkartean. Egun bakoitzean sukaldari bat arduratuko da saioaz: Mikel Uria, Isaak Bravo eta Xabier Oteiza sukaldariak izango dira irakasleak. Uriak (Mikel Uria jatetxekoa) emango du hilaren 6ko saioa, Bravok (Jai-Alai jatetxekoa) 8koa, eta Oteizak (Belarra jatetxekoa) 9koa. Sukaldari bakoitzak menu bat osatuko du, garaiko produktuekin egindako platerekin.

Datorren asteko ikastaroan parte hartu nahi dutenek biharkoa, ekainak 3, izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako, Ingurugiro Etxea Fundaziora jo beharko dute, 943151713 telefonora deituta, ingurugiroetxeafundazioa@azpeitia.net helbide elektronikora idatzita, edo www.ingurugiroetxea.org webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide