Decoramik eta Kirol Aukera Euskadiko txapeldunak dira

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 8a, 19:06

Kirol Aukera eta Decoramik ISBren infantil mailako taldeak. (IRAURGI SASKIBALOIA)

ISBko infantilek, neskek eta mutilek, Espainiako Txapelketarako txartela lortu dute, Gasteizen irabazita

Mutilek Kanariar Irletan eta neskek Galizian jokatu beharko dute

Iraurgi Saskibaloi klubeko infantila mailako neska-mutilak Euskadiko txapeldunak dira asteburutik. Mutilen Kirol Aukera taldeak eta nesken Decoramik taldeak, Comercial ISB partaidetza taldearekin batera, Eskolarteko XXX. Txapelketan hartu zuten parte, Gasteizen. Kirol Aukerak eta Decoramikek Espainiako Txapelketarako txartela lortu dute garaipenarekin.

Beharrezko zuten garaipena

Kirol Aukera ISBko mutilek beharrezko zuten Baskonia Fundazioari 6 puntuko aldea ateratzea, txapelketako joan den asteko partidan 53-57 galdu baitzuten Getxoren aurka. Azkenean 9 puntuko aldea atera zieten gasteiztarrei (61-52). Kontra izan zuten markagailua, baina lortu zuten buelta ematea.

Ekainaren 19an ekingo diote Espainiako Txapelketari, Lanzaroten (Kanariar Irlak). Real Madrid (Madrileko bigarren sailkatua), Cajasol (Andaluziako hirugarren sailkatua) eta Alierta Augusto (Aragoiko txapelduna) izango ditu arerio.

Neskak, garaile garbiak

Decoramik ISBko neskek garaipen argia izan zuten Gasteizen. Aurreko partidan 66-34 gailendu ziren Durangoko Tabirakoren aurrean, eta azken partidan 38 puntuko aldea atera zioten Gasteizko San Viator taldeari, nagusitasuna erakutsiz.

Infantil neskek hirugarren urtez jarraian lortu dute Euskadiko txapela. Aurten, Espainiako Txapelketan, Vigora (Galizia) joango dira, eta Basket Mar Gijon (Asturiasko txapeldunak), Enrique Soler (Melillako txapeldunak) eta Valentziako bigarren sailkatuaren aurka ariko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide