552 euro, azpeitiar bakoitzeko zorra

Uztarria.eus 2011ko eka. 9a, 20:06

2009arekin alderatuta Udalaren zor publikoa txikitu egin da; biztanleko 667 eurokoa zen orduan

Hego Euskal Herriko udalerri guztietako zorrarekin egin du alderaketa Sustatu.com webguneak

Azpeitiko Udalaren zorra udalerriko biztanle guztien artean banatuz gero, azpeitiar bakoitzaren zorraren kopurua 552 eurokoa da. Udalak 7.863.000 euroko zorra du, 2010eko azken datuen arabera; udalerriko biztanle kopurua, berriz, 14.245ekoa da. 2009arekin alderatuta Udalaren zor publikoa txikitu egin da; biztanleko 667 eurokoa zen orduan.

Datu horrekin, Azpeitia Gipuzkoako batez besteko kopuruaren gainetik kokatzen da. Lurraldeko 87 udalerrien zorraren eta biztanle kopuruaren arteko zatiketa eginez gero, gipuzkoar bakoitzaren zorra 444 eurokoa da.

Udalerrien zorpetzearen zerrendan, 87tik 34. tokian kokatzen da Azpeitia. Inguruko herriei dagokienez, Azkoitian biztanleko zorra 965 eurokoa da (udalerrien zerrendan 17. tokian), Zestoan 461 eurokoa (42.), Beizaman 1.082 eurokoa (11.) eta Errezilen 1.420 eurokoa (3.).

Hego Euskal Herriko udalerri guztietako zorrarekin egin du alderaketa Sustatu.com webguneak, Espainiako Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren datuak erabiliz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide