Asteburuan futbolari gaztez beteko da bailara, Iraurgi Cup txapelketan

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 15a, 12:06

Euskal Herriko eta Espainiako 30 taldek hartuko dute parte lehian

Azkoitian eta Azpeitian jokatuko da txapelketa

Bi egun besterik ez dira falta Azpeitia eta Azkoitia Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko fultbol jokalari gaztez betetzeko. Bi egun besterik ez Iraurgi Cup futbol txapelketa hasteko. Azken orduko kontuak lotzen dabiltza dagoeneko antolatzaileak.

Ostiral arratsaldean hasiko dira lehen partidak. Azkoitiko San Joan futbol zelaian izango dira, 17:30etik aurrera. Nesken infantil txapelketa jokatuko dute sei talderen artean, eta mutilen benjamin txapelketa, berriz, lau talderen artean.

Larunbatean, berriz, mutil alebinen txapelketari ekingo diote. Liga fasea jokatuko dute larunbatean, Garmendipen (Azpeitia) eta San Joanen (Azkoitia). 09:30etik 13:00etara, batetik, eta 16:30etik 19:00ak bitartean, bestetik, izango dira partidak.

Amaierako fasea, berriz, igandean jokatuko dute. 10:00etan hasiko dira final laurdenak; ondoren, finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta 12:30ean izango da final handia, Garmendipeko belar naturaleko zelaian. Sariak Garmendipen banatuko dituzte, 13:00ak eta 13:30ak bitartean.

Alebin mutilen txapelketan hogei taldek hartuko dute parte. Barcelona, Valencia, Sevilla, Espanyol, Athletic Club, Real Sociedad, Osasuna, Santander, Valladolid, Alaves, Eibar, Lagun Onak, Anaitasuna, Antiguoko, Arnedo, Ariznabarra, La Calzada, Berceo, Quintana de la Serena eta Iraurgi Ikastetxea dira talde horiek.

Jokalariez eta talde teknikoez gain, futbolarien senide ugari etorriko da Azpeitia eta Azkoitira asteburuan. 1.000 lagunetik gora bilduko dela aurreikusten dute antolatzaileek.

Animatzeko eta jarraitzeko

Txapelketa jarraitzeko modurik onena zelaietara gerturatzea da; sarrera doan izango da, gainera, partida guztietan. Dena den, www.iraurgicup.com webgunean edo haien Facebook orrialdean ere irakur daitezke txapelketaren emaitzak eta albisteak. Txapelketak iraun bitartean lehen mailako taldeetako elastikoak zozkatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Iraurgi Cup elkarteak, bestetik, txapelketako elastikoak jarri ditu salgai, 10 euroan, eta txapelak 5 euroan, kiroldegian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide