Tabernariak "gustura" 'Ostiralero, trago1 ta biajie' ekimenak izan duen harrerarekin

Uztarria.eus 2011ko eka. 16a, 19:06

"Tabernako bezeroek ekimena martxan jartzea oso ideia ona izan dela komentatu digute eta ostiraletako zozketekin pozik daude", dio tabernarien elkarteak

Uztailaren 15ean bukatuko dute kanpaina, Oñatz tabernan egingo duten azkeneko zozketarekin

Azpeitiko Tabernarien Elkarteak antolatutako Ostiralero, trago1 ta biajie kanpainak bere ibilbidearen erdia egin du, eta antolatzaileak "gustura" azaldu dira orain artekoarekin; modu "oso positiboan" baloratu dute.

Elkarteak bidai-txartelen zozketa alde zaharreko giroa indartu eta bultzatu asmoz jarri zuen martxan eta, azaldu dutenez, helburua betetzen ari da: "Ostiraletan, poteo garaian eta, oso giro polita sortu da gure tabernetan, jendeak ongi erantzun dio ekimenari eta lehen baino jende gehiago dabil, antzeman egin da". Bezeroak ere ekimenarekin "gustura" ikusi dituzte tabernariek: "Tabernako bezeroek ekimena martxan jartzea oso ideia ona izan dela komentatu digute eta ostiraletako zozketekin pozik daude".

Asteburu pasa Galiziara

Apirilaren 29az geroztik zazpi zozketa egin dituzte, eta lehenengo saridunek laster egingo dituzte nahieran aukeratutako bidaiak. Batzuk dagoeneko Galiziara asteburu pasa joateko bidaiak lotu dituzte Eroski Bidaiaken, antolatzaileek esan dutenez. Zozketako bidai-txartelak 250 euroko balioa du, eta irabazleak nahi duen lekura joateko aldatu dezake Eroskiren bidai agentzian.

Uztailaren 15ean bukatuko dute kanpaina, Oñatz tabernan egingo duten azkeneko zozketarekin.

Hurrengo zozketa, Txarrantxan

Bihar, ekainak 17, egingo dute Ostiralero trago1 ta biajie ekimeneko hurrengo zozketa. Txarrantxa tabernan izango da, goizaldeko 01:00etan.

Alde Zaharreko tabernariek "herritar guztiak animatu" nahi dituzte, "ostiraletan buelta bat eman, lagun artean egon eta zozketetan parte hartzera".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide