Jon Txakartegik Lan Mobel Iraurgi entrenatzen jarraituko du

Uztarria.eus 2011ko eka. 21a, 19:06

Urtebetez luzatu du kontratua

Entrenatzaile donostiarraren laugarren denboraldia izango da datorrena Iraurgi Saskibaloian

Jon Txakartegik (Donostia, 1977) Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldea entrenatzen jarraituko du 2011-2012 denboraldian. Txakartegik urtebetez luzatu du Gipuzkoa Basketekin zuen kontratua -Iraurgik eta Gipuzkoa Basketek lankidetza hitzarmena dute-, Azpeitian lanean jarraitzeko.

Horrenbestez, entrenatzaile donostiarraren laugarren denboraldia izango da datorrena Iraurgi Saskibaloian. 2008an iritsi zen Txakartegi Iraurgira, taldea EBA Ligan zegoela. 2010ean Zilarrezko LEB ligara igotzea lortu zuten Txakartegik eta haren mutilek. 2010-2011 denboraldian maila horretan lehiatu ondoren, joan den apirilean taldea mailaz jaitsi zen.

Dena den, Iraurgik badu oraindik datorren denboraldian berrio Zilarrezko LEB ligan aritzeko aukerarik, eta helburu horri begira ari dira lanean zuzendaritzakoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide