Bihar jokatuko da XII. Erremonte Txapelketako finala

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 23a, 11:06

.18:00etan hasiko dira partidak, Izarraitz pilotalekuan

Afizionatuek jokatuko dute lehenik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida ondoren, eta finala azkenik

Bihar, ostirala, jokatuko dute Azpeitiko XII. Erremonte Txapelketako finala. Maiatzaren 27an hasi zen txapelketa, eta ekainaren 10a bitartean bi taldetan banatutako jokatu dituzte ligaxkako partidak. Talde bakoitzeko garaileak aurrez aurre izango dira bihar, eta han erabakiko da txapelketako bikote irabazlea. 18:00etan hasiko da jaialdia, Izarraitz frontoian.

Gosea pizten joateko

Finalaren aurretik, lehenik afizionatuen arteko partida jokatuko dute. Unai Otaegi eta Jagoba Labaka ariko dira Segurola eta Joxin Aizpururen kontra.

Ondoren, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute. Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Aritz Zubiri ariko dira Ibon Agirrezabala 'Matxin IV.'a eta Endika 'Barrenetxea IV.'-aren kontra.

Azken partida, finala

Finalean txapela janzteko lehian aurrez aurre ariko diren bikoteak ondokoak dira: alde batetik, A taldeko bikote onena, EƱaut Oiarzabal 'Matxin VI.'ak eta Ion Etxeberriak osatutakoa; bestetik, B taldeko bikote onena, Oinatz Gonzalezek eta Igor Agirrezabalak osatutakoa.

Irabazlea bi bikoteetako edozein izanda ere, Matxinbentara joango da txapela, Matxin VI.aren eta Igor Agirrezabalaren herrira, alegia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide