Bildu koalizioak osatutako udal gobernu berriak Azpeitiko Udaleko batzordeak eta bertako kideak izendatu ditu. Batzordeburuak lehenengo batzarrean erabakiko dituzte. Atzo, osteguna, udalbatza berriak egin zuen ez-ohiko bilkuran Bilduren aldeko botoekin, EAJren kontrakoekin eta Hamaikabaten abstentzioarekin hartu zituzten erabaki guztiak.
Hamabi batzorde
Kopuruz, batzorde kopuruak gora egingo du; aurrerantzean 12 izango dira, Auzoak batzordea osatu dutelako. Honakoak izango dira batzordeak:
- Hirigintza eta Ingurumena.
- Industria, Merkataritza, Turismoa eta Baserriak.
- Zerbitzu Orokorrak.
- Langileria eta Antolakuntza.
- Kultura eta Gazteria.
- Hezkuntza eta Euskara.
- Gizartekintza eta Hirugarren Adina.
- Kirolak.
- Parekidetasuna.
- Ogasuna eta Kontuak.
- Festak.
- Auzoetako harremanak.
Ez-ohiko udalbatzarrean batzordeburuak proposatu zituen Bildu koalizio Hamaikabat eta EAJ oposizioan daude, baina lehenengo batzarrean erabakiko dituzte horiek.
Osaketari dagokionean, orain artean batzorde bakoitzean zazpi ordezkari egon baldin badira ere, hemendik aurrera bost kidek osatuko dituzte batzordeak. Eneko Etxeberria alkateak jakinarazi zuenez, "batzordeak bost kidekoak izanda efektibitatea bilatu eta proportzioa mantendu nahi izan dugu. Gainera, batzordeak irekiak eta parte-hartzaileak izango dira; hau da, edozein herritarrek izango du batzordean parte hartzeko aukera, baina bozka ematerik ez du izango". EAJko zinegotziek batzordeko kide kopuruarekin desadostasuna agertu zuten, bozken arabera batzordean bi kide izatea tokatzen zaiela argudiatuta.
Batzordeak bost kidekoak izatea onartu zuten atzoko bilkuran, eta Bilduri batzorde bakoitzean hiru ordezkari dagozkio tartean batzordeburua, EAJri bat eta Hamaikabati beste bat.
Ekainaren 11n izendatu zuten Eneko Etxeberria alkate. 17 zinegotziek kargua hartu ondoren, bozketa egin zuten eta alderdi bakoitzak bere hautagaia babestu zuen; 11 boto jaso zituen Bilduko alkategaiak, bost EAJkoak (Jesus Larrañagak) eta bat Hamaikabatekoak (Aitor Arangurenek). Hau da, maiatzaren 22ko udal hauteskundeetako emaitzen araberakoa izan zen bozketa.
Batzordeen osaketa
Honatx batzordez batzorde sail bakoitzean parte hartuko duten zinegotziak:
- Hirigintza eta Ingurumena: Eneko Etxeberria, Aritz Epelde eta Manuel Unanue (Bildu), Jesus Larrañaga (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Industria, Merkataritza, Turismoa eta baserriak: Iñaki Portilla, Ainhoa Beristain eta Mikel Ibarzabal (Bildu), Itziar Lasa (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Zerbitzu Orokorrak: Aritz Epelde, Leire Etxaniz eta Manuel Unanue (Bildu), Itziar Lasa (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Langileria eta Antolakuntza: Eneko Etxeberria, Aritz Epelde eta Kontxita Martija (Bildu), Jesus Larrañaga (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Kultura eta Gazteria: Imanol Amenabar, Mari Jose Iturria eta Iñaki Portilla (Bildu), Aitor Gorrotxategi (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Hezkuntza eta Euskara: Mari Jose Iturria, Ainhoa Beristain eta Kontxita Martija (Bildu), Nerea Aldai (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Gizartekintza eta Hirugarren Adina: Leire Etxaniz, Imanol Amenabar eta Kontxita Martija (Bildu), Onintza Etxeberria (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Kirolak: Manuel Unanue, Leire Etxaniz eta Mikel Ibarzabal (Bildu), Nerea Aldai (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Parekidetasuna: Leire Etxaniz, Kontxita Martija eta Mari Jose Iturra (Bildu), Onintza Etxeberria (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Ogasuna eta Kontuak: Manuel Unanue, Eneko Etxberria eta Iñaki Portilla (Bildu), Aitor Gorrotxategi (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Festak: Mikel Ibarzabal, Kontxita Martija eta Imanol Amenabar (Bildu), Aitor Gorrotxategi (EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
- Auzoetako harremanak: Ainhoa Beristain, Aritz Epelde eta Mikel Ibarzabal (Bildu), Itziar Lasa(EAJ) eta Aitor Aranguren (Hamaikabat).
Diru-sarien murrizketa
Zinegotziek batzorde eta plenoetara joateagatik jasotzen duten diru-saria %35 jaitsiko da. Neurri horrekin, legealdiak irauten duen lau urteetan 300.000 euro baino gehiago aurreztea aurreikusten dute. Gainera, politikariek jasotzen duten diru kopuru hori jaisten joatea eta desagertaraztea ere aztertuko dituztela esan zuen Eneko Etxeberriak.
Liberazioak
Liberatutako zinegotzien soldatak EUDELek jarritako irizpideen araberakoak baino baxuagoak izango direla argitu zuen Etxeberriak atzoko biluran. Izatez, lanaldi osoko lau liberatu dagozkio Azpeitiari, baina liberatuen portzentaia 3,30ekoa izango da. Bildu koalizioko bost zinegotzi liberatuko dira.
Eneko Etxeberria alkatea %80 liberatuko da. Haritz Epelde, aldiz, %100ean. Manuel Unanuek %75eko liberazioa izango du eta Leire Etxanizek %50ekoa. Mikel Ibarzabalek, berriz, %25eko liberazioa izango du.