Sutea izan da gaur bazkalondoan Done Jakue kaleko denda batean. Martintxo pintura denda da erre dena. 15:50erako itzalita zegoen sua, nahiz eta suhiltzaileak oraindik bertan ari ziren lanean.
Zenbait lekukok Uztarriari adierazi diotenez, 15:15ak aldera oihuak entzuten hasi dira denda barrutik. Denda itxita zegoen ordu horretan, eta kanpoko burdin-sarea botata zuen. Done Jakue kaleko eraberritzean ari diren langileak izan dira laguntzera gerturatu diren aurrenak. Barruan zeudenek -ama eta semea, antza- ezin zuten denda barrutik ireki, eta aipatutako langileak izan dira burdin-sarea behartu eta dendan sartzea lortu dutenak, barruan zeudenei laguntzera. Sua non eta nola eratu den zehaztu gabe dago, baina denda osoa belztuta gelditu da, suaren eta kearen eraginez.
Emakume batek erredurak izan ditu, anbulantzia batean artatu dute eta, gero, helikopteroan eraman dute ospitalera. Lekukoek azaldu dutenez, beso batean behintzat bazituen erredurak.