Corrugados Azpeitiako bulegoetako langileek salatu dutenez, enpresaren aldetik "presioak" jaso dituzte. Corrugados Bai langileen plataformak jakinarazi duenez, greba mugagabea egitea erabaki zuten egunean enpresako zuzendaritzak banaka deitu zituen langileak bilera egiteko. Baldintza berrietara egokitzeko eta greba bertan behera uzteko "presioak" jaso zituzten bilera horietan, esan dutenez.
Hala ere, ELA eta LAB sindikatuek eta Corrugados Bai plataformak osatzen duten langileen batzordeak mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute, eta datorren astelehenean ekingo diote eperik gabeko lanuzteari. Gainera, uztailaren 4an bertan 07:30ean elkarretaratzea egingo dutela aurreratu dute.
Langileen batzordeak salatu duenez, bulegoetako hamalau langileri mugikortasun gutuna eman die enpresak, Extremadurara (Espainia) lanera joan ezean urte bakoitzeko 20 eguneko ordainsaria eskainiz.
Azken ordukoa (uztailak 1, 18:30): Corrugadoseko bulegoetako langileek greba deialdia bertan behera uztea erabaki dute, "zuzendaritzaren aldetik jasotako presioa dela eta". Hala jakinarazi die Corrugados Azpeitiako langileen bozeramale batek Urola Kostako Hitza-ri eta Uztarriari.