Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Diputazioa, Azpeitian

Uztarria.eus 2011ko uzt. 2a, 17:07

Martin Garitano, Eneko Etxeberria eta Lohitzune Txarola, Batzar Nagusietako ordezkarien artean, udaletxeko arkupetan eskaini zaien aurreskuari adi.

Batzar Nagusiek urteroko bilkura ibiltaria Sanagustinen egin dute

Aurretik, Ikerne Badiolak diputatu izendapen ofiziala jaso du udaletxean, Martin Garitano Ahaldun Nagusiaren eskutik

Gipuzkoako ordezkaritza politiko zabala elkartu da gaur eguerdi partean Azpeitian. Lurralko Batzar Nagusiek urtero egin ohi duten bilkura ibiltaria Azpeitian egitea tokatu da aurten, eta Sanagustinen egin dute, hain zuzen ere, udaletxeko arkupetan Azpeitiko Udalaren ongietorria jaso ostean.

Joan de maiatzaren 22ko hauteskundeen ondoren osatu berri diren Batzar Nagusien aurreneko bilkura izan da gaurkoa. Sanagustinen, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu du hitza aurrena, eta Batzar Nagusietako lehendakari Lohitzune Txarolak gero. Hitzaldien atzetik bi puntu besterik izan ez dituen batzarra egin dute; horietako bata, bilkura ibiltaria 2012an Zarautzen egitea adosteko balio izan duena.

Sanagustingo batzarraren aurretik, Ikerne Badiolak foru diputatu izendapen ofiziala jaso du udaletxean, Martin Garitano Ahaldun Nagusiaren eskutik. Foru Gobernuan kide izango dituen gainerako zazpiek atzo, ostirala, jaso zuten diputatu izendapen ofiziala, baina Badiolak ezin izan zuen ekitaldi hartan parte hartu, Bateragune auzian lekuko gisa aritu zelako, Madrilen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide