Azpeitiko saninazioak gero eta gertuago dauzkagu eta prestaketa lanak hasita daude dagoeneko. Lanketa hori herriko eragile desberdinekin egin asmoz, Azpeitiko Festa Herrikoien Batzordeak asanbladara deitu ditu herritarrak. Bilkura bihar (asteartea) egingo da, 21:00etan udaletxeko arkupetan.
"Ekimenetan parte hartzeaz gain, festen antolaketan ere herritarren parte hartzea" sustatu nahi dute deitzaileek eta horretarako antolatu dute asanblada. "Herritarron parte hartzeaz ari garenean, bere osotasunean ari gara. Hau da, antolatutako ekimenetan partaide izatetik haratago, berauek antolatzen ahalik eta herritar gehien inplikatzeaz ari gara". Funtsean, lau helburu izango ditu asanbladak: antolatzeko eredu horizontala, gazte irudimena eta sorkuntza, arlokako asanblada txikien bidez eraikitako egitaraua, eta Udaleko festen mahaian Batzordearen ordezkaritza.
Datozen urteetarako ere dinamika honekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute Festa Herrikoien batzordetik. Aurtengo festei begira, bihar izango da lehendabiziko asanblada.