Bilgune Feministak, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre hartu
lelopean elkarretaratzea deitu du, gaur arratsalderako. 19:30ean plazan izango da protesta, asteburuan Hernanin gertatutako hilketa eta erasoa salatzeko. Emakumeen Mahaiak bat egin du deialdiarekin, eta azpeitiarrei elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete.
Ia hiru astean Euskal Herrian gertatu den hirugarren hilketa dela gogorarazi du Bilgune Feministak. Indarkeria mota hori gure gizarteko "giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa" dela adierazi dute. "Emakumeek jasaten duten menpekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen den biolentzia da", haien ustez. Horregatik, "guztion egitekoa da indarkeriarekin amaitzea: horrelako gertaeren aurrean gaitzespena agertzea eta emakumeenganako indarkeria indartzen duten gizarte balioak alde batera uztea".