Eneko Etxeberria: "Bokaziozko politika egin nahi dugu, ez dugu honetatik bizi nahi"

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 7a

Eneko Etxeberria elkarrizketako une batean.

"Gogoz eta ilusioz" eta gehiengoaren erosotasunean erortzeko asmotik urrun, elkarlana eta adostasuna dira Etxeberriak agintaldian indartu nahi dituen asmoak

Etxeberriak adierazi duenez, "hamazazpi zinegotzi daude udalbatzan, hamazazpi iritzi, eta hori aberasgarria da"

Eneko Etxeberria (Azpeitia, 1971) abokatua da, eta sindikalgintzari, eta euskalgintzari lotua egon da profesionalki. "Arnasa politikatik hartu ez" duen arren, politikaz inguratuta egon da beti. Bildu koaliziotik, Azpeitiko alkate da Etxeberria, ekainaren 11tik.

Zein izan da lehen inpresioa?

Mundu arraroa da hau, oso piramidala. Deigarria egin zait hori. Bi organismo daude aurreikusita: alkatea eta udalbatza. Batzordeak, azken finean, alkatearen ahalmenen delegazioak dira. Harritzekoa da alkateak piramide horretan duen botere metaketa. Pentsatzen nuen antolaketa horizontalagoa izango zela, deszentralizatuagoa; behin aurrekontuak-eta onartuta, sail bakoitzak autonomia maila handiago izango zuela pentsatzen nuen. Bestetik, alkatearen funtzioetako bat protokoloa da; komertzial lana da asko. Jendeari harrera egin, enpresa, langile eta eragileekin egon, eta jendeari entzun behar zaio.

Antolaketa horizontalagoa izan dadin ahalegina egingo al duzu?

Bai, noski. Hasieran, gainera, batzordeak osatu aurretik eta liberatuak egon aurretik bakar xamar egon naiz, baina dena martxan dago jada, eta lanak banatzen doaz. Lur-hartzea ordea, ona izan da. Ilusioz eta gogoz hartu dugu, eta jende asko hurbiltzen ari dela ikusten ari gara. Jendea bere burua eskaintzen ari da laguntzeko, iritzia emateko, ideiak emateko eta parte hartzeko.

Noiz erabaki zenuen politikan aritzea?

Neuk pertsonalki argi neukan ni bezalako pertsonek pausoak ematen hasteko unea zela. Neu sindikalismoari eta euskalgintzari oso lotua nago, baina politikagintza zuzenetik nahiko urrun nengoen. Bildurekin eman den pausoa eman beharrekoa zela ikusi da. Gu ez gara ezker abertzalea, baina, Bilduren aukerarekin ikusi genuen espektro ezkertiar eta abertzale bat jasotzeko aukera zegoela, eta ilegalizazioagatik hori ordezkatu gabe egotea atzera pauso handia izango zela. Apustu politikoarekin, gure herriari gutxienez lau urte irabazi dizkiogu, bakearen itxaropenerako eta garai berrietarako. Plano pertsonalean oso apustu sendoa izan da. Lana, nire proiektu pertsonala eta proiektu profesionalak, neurri batean geldiarazi egin beharko ditut, baina lau urte irabazte horrek konpensatzen du.

Zeure lanari eutsi egingo diozu, ordea, neurri batean.%80an liberatuta egotea kritikatu dizu oposizioak.

Neurri batean, badauzkat konpromiso profesionalak hartuta, batez ere unibertsitatean. Edozein modutan, 24 orduz izango naiz alkate, %80 kobratu arren, eta lan orduengatik bada, ohiko lanaldia baino luzeagoa izango dut ziurrenik. Baina, etorkizunerako, ez nuen guztiz utzi nahi nire bide profesionala. Edozein modutan, erabat bateragarriak dira.

Bildun dauden iritzi anitzek desadostasunak ekar al ditzake herriko proiektu estrategikoetan?

Bildu koalizioa desberdinen arteko koalizioa da; hala da. Horrek esan nahi du aurretik lan asko egin dela ados jartzeko. Proiektu estrategiko batzuen inguruan iritzi desberdinak egotea, hasiera batean, ez da txarra, gainera. Hamazazpi zinegotzi daude Udalbatzan, hamazazpi iritzi daude, eta hori aberasgarria da. Ez dugu esaten eztabaidarik izango ez dugunik, baina Bilduk talde bezala funtzionatuko du. Eztabaidak sor daitezke hainbat gairen inguruan, baina metodologia bat ezarri beharko da pausoka ados jartzeko. Borondatea dago, eta ez zait iruditzen, inolaz ere, blokeorik egongo denik.

Gastu politikoa murriztu nahi izan duzue,hasiera-hasieratik.

Bai. Hainbat aldaketa egin dugu. Alde batetik, soldatei dagokionez, liberatuek euren lanetan irabazten zutena irabazi behar zutela iruditzen zitzaigun, eta bestetik, 1.300 eta 2.600 euro arteko soldata garbia izan behar zutela. Denak hor sartu ditugu, beraz. Azpeitiari dagozkion 4 liberatutik, 3,30 egongo dira. Beste aldetik, gastu politikoa (batzordeetara edo udalbatzarretara etortzeagatik, batzordekide edo batzordeburu izateagatik irabazten zena) gehiegizkoa iruditu zitzaigun. Gastu hori bi modutara murriztea planteatu dugu. Batetik, aurten ordainsari horiek %35 jaitsiz, 230.000 euro aurreztuko dira horrela, KPI igo gabe, eta agintaldia amaitzerako %50era jaisteko konpromisoa hartuz. Bokaziozko politika nahi dugu, ez dugu politiko profesionalak izan nahi. Ez dugu politikaz bizi nahi.

Batzordeei dagokionez, irekiak izango dira, edozeinek parte hartu ahal izango du. Emaitza formala bera izango denez, zazpikoak beharrean, bostekoak izango dira. Neurri honekin, beste 70.000 euro aurreztuko dira. Guztira gutxienez 300.000 euro aurreztuko dira lau urtean gastu politikotik.

Bilduk gehiengoa edukita, zein neurritan bilatuko duzue beste alderdiekin adostasuna?

Guk adostasunak lortu nahi ditugu, gauza estrategikoetan eta edozein erabakitan. Dena den, zenbaitetan ezingo dugu blokeatuta gelditu adostasunaren bila; erabakiak hartu beharko ditugu, herritarrek horretarako bozkatu baikaituzte, azken finean. Saiatuko gara adostasunak bilatzen, baina adostasunik ez badago, ezin dugu oposizioak nahi duena egin, guri herritarrek eskatu digutena bete behar baitugu.

Herriarentzat zertan da positiboa gehiengo absolutuak egotea, eta zertan negatiboa?

Gehiengoek, hasiera batean, duten arriskua proiektuak inposatzekoa da. Gehiengoak ez ditu beste alderdiak behar erabakietarako. Hori oso bide arriskutsua da, udal politikan batez ere, gaur bat dagoelako eta bihar beste bat, eta hartzen diren erabakiek urte askotan eragiten dutelako. Ona du erabakiak hartu egiten direla, gauzak egin egiten direla. Noski, askoz politagoa da gehiengo absoluturik ez egotea; esku politiko handiagoa eskatzen du, ados jartzea, baina lidergo oso sendoa behar du blokeoak ekiditeko.

Zer balorazio egiten duzu osatu den Udalbatzaz?

Denak pertsonalki ezagutzen ez ditudan arren, guztiak ere oso pertsona interesgarriak direla iruditzen zait; borondate handia dute, eta ekarpenak egiteko gogoz daude. EAJko zinegotziek ekarpen asko egin dezakete. Esperientzia handia dute eta zenbait gaitan ordu asko egindakoak dira, gure alderdiko zenbait bezala. Hamaikabateko Aitor Arangurenek arlo askotan ekarpen asko egin ditzakeela eta oso aberasgarria izan daitekeela iruditzen zait.

Auzolana eta parte-hartzea dira zuen politikaren gakoak.Nola gauzatuko dira horiek herri mailan?

Guretzat gai estrategikoa da. Herriko plan eta asmoak aurrera ateratzeko parte-hartzea funtsezko baldintza dela uste dugu, eta eragileekin bilera egingo dugu aurki elkarlana proposatzeko. Udal funtzionamenduak formalismo handia du, eta parte-hartzea sisteman txertatu nahi dugu, ez lau urterako, ez borondate politikoen arabera, ezarrita geldi dadin nahi genuke. Hori nola egin diseinatzea izango da lehen gauza. Egia esan, administrazio publikoan oso gutxitan egin den zerbait da, eta denbora beharko dugu metodologia diseinatzeko. Kudeaketa gardena eta parte-hartze egituratua izango dira bide eta helburu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide