Udal Gobernu taldeak bilera egingo du herriko talde eta eragileekin

Uztarria.eus 2011ko uzt. 12a, 11:07

Asteazkenean egingo dute bilkura, 19:00etan hasita, Sanagustin Kulturgunean

Eneko Etxeberria alkateak guztien "ekarpenak eta kezkak" bildu eta "Udalarekin eskuz esku lan egitera" gonbidatzen ditu taldeetako kideak, etxera bidalitako gutunean

Udal Gobernu taldea herriko taldeekin eta eragileekin bilduko da asteazkenean, hilak 13. Azpeitian alor desberdinetan lan egiten duten taldeetako eta Udaleko kideak Sanagustin Kulturgunean elkartuko dira 19:00etan. Eneko Etxeberria alkateak guztien "ekarpenak eta kezkak" bildu eta "Udalarekin eskuz esku lan egitera" gonbidatzen ditu taldeetako kideak, etxera bidalitako gutunean.

Honatx Eneko Etxeberria alkateak bidalitako gutuna:

"Agur tÂ’erdi,

Udal hauteskundeak igaro ostean, ekainaren 11ean hartu nuen Azpeitiko alkate kargua. Geroztik, Udalaren barne antolaketa erabakitzen eta zehazten aritu gara. Behin hori eginda, zuengana zuzendu nahi nuke Udal Gobernuaren izenean.

Zer litzateke Azpeitia arlo desberdinetan lanean diharduzuen talderik gabe? Ezin daiteke imajinatu! Ezin dezakegu behar den tamainan eskertu ere, zuetako bakoitzak Azpeitiko herriaren alde egiten duzuen boluntario lana. Udal Gobernutik argi daukagu badugula zer ikasia herriko talde eta eragiletatik. Talde guztiak eta bakoitza, herrigintzan ezinbesteko funtzio bat betetzeko sortua izan da. Auzolanean, Azpeitia hobeago bat eraikitzen.

Azpeitiko Udaleko ateak parez pare ireki nahi dizkizuegu. Zuen iritzi, kezka eta ekarpenak behar beharrezkoak ditugu Azpeitiaren eraikuntzan. Azpeitiko Udalarekin eskuz esku lan egitera gonbidatu nahi zaituztegu, bakoitza berean baina denok batera. Beraz, Udaleko bitarteko desberdinak zuen esku jarri nahi ditugu herriko talde eta herritarren parte-hartzea bermatzeko. Eta abiapuntua, uztailaren 13an 19:00etan Sanagustin kulturgunean egingo dugun bileran eman nahi genioke.

Besterik gabe, bertan ikusiko garelakoan,

Eneko Etxeberria"

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide