IV. Bakailao Txapelketan parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko

Uztarria.eus 2011ko uzt. 18a, 13:07

Joan den astean aurkeztu zuten aurtengo Bakailao Txapelketa.

Izena hilaren 28a baino lehen eman behar da

Abuztuaren 1ean izango da txapelketa plazan, 11:00etatik aurrera

Laugarren urtez jarraian, Bakailao Txapelketa antolatu du Festa Herrikoien Batzordeak abuztuaren 1erako, Saninazio bigarrenerako. Antolatzaileek adierazi dutenez, "azken urte hauetan jendeak izan duen erantzunarekin oso gustura gaude eta beste urte batez ere gogotsu gatoz herritarrek parte hartzen duten festa hori indartzeko asmoz".

Txapelketan sukaldari profesionalek ez beste edonork har dezake parte. Parte hartzaileek elkarte edo norbanako moduan eman ahal izango dute izena, eta bi edo hiru kideko taldeak osatu beharko dituzte. Aurten ere "emakumeei dei berezia" egin diete animatu eta parte hartu dezaten.

Parte hartzaileek 10:45ean plazan egon beharko dute, eta 11:00etan hasiko da txapelketa. Behin txapelketa bukatuta, bazkaria egingo dute Berdura Plazan, eta 150 bat lagunentzako lekua egongo da. Bazkarirako sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, eta txapelketako parte hartzaileek izango dute lehentasuna.

Azpiegitura eta osagaiak

Festa batzordeak, sua eta mahaiak jarriko ditu bakailao prestatu ahal izateko. Sukaldeko ontziak, berriz, norberak eraman beharko ditu. Osagaiei dagokienean, berriz, jai batzordeak bakailao, baratxuria eta olioa banatuko ditu parte-hartzaileen artean. Modu horretan, "parte hartzaile guztiek kalitate berdineko osagaiak izan ditzaten". Beste osagairen bat erabili nahi izanez gero, norberak eraman beharko du.

Prestatu beharrekoa

Partaide bakoitzak kilo bat bakailao prestatu beharko du, pil-pil erara. Parte hartzaile guztiak bi minututik bi minutura hasiko dira bakailaoa prestatzen, eta 35 minutu izango dituzte prestaketa lanetarako.

Epaimahaia

Sukaldari profesionalak eta herritarrak izango dira epaimahaikideak, eta bakailaoaren aurkezpena eta zaporea hartuko dituzte kontuan.

Izen ematea eta sariak

Herriko ia taberna guztietan triptikoak utzi dituzte antolatzaileek, eta eskuorri horiek izena emateko orri bat dute. Hori bete eta udaletxera eraman edota 943 15 70 68 telefonora deitu behar da hilaren 28a, osteguna, bitartean.

Sariak, berriz, honakoak izango dira:

.1. sailkatua: txapela + Kirurin 3 lagunentzat afaria

.2. sailkatua: arkumea + ardo kaxa

.3. sailkatua: 2,5 kilo txuleta

Lehen elkartea: egurrezko kutxara erraldoia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide