Adimen urritasuna dutenei lanerako aukerak emanez

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 21a, 12:07

Programako arduradunak, Alberdi eta Aritz Epelde zinegotzia, atzo.

Ander Alberdi Down sindromedunak igerilekuan jarraituko du lanean, Pauso Berriak programan

Igor Boo, berriz, Zumaiako adinekoen egoitzan ari da lanean Pauso Berriak programari esker

Elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo, asteazkena, Azpeitiko Udalak eta Gureak enpresak. Horri esker, Ander Alberdi herritarrak Azpeitiko igerilekuan orain arte egin duen lanarekin jarraituko du, Pauso Berriak proiektuan.

Alberdik Down sindromea du, eta iazko maiatzetik lanean dihardu Udalerako. Atzegik eta Gureakek iaztik duten pertsonei lanerako aukerak eskaintzea du helburu. Hala, iaz Azpeitiko Udalarekin harremanetan jarri ziren, Alberdik udaletxean lan egiteko aukera proposatuz. Mantenimendu brigadan aritu zen lehenik, eta ondoren igerilekuan hasi zen.

Pauso Berriak programako arduradun Oscar Carcedok zera adierazi zuen: "Anderri lanean jarraitzeko aukera emateko gaude gaur hemen. Lanean jardun duen denboran ondo baino hobeto erakutsi du eman zaizkion ardurak betetzeko gaitasuna osoa duela". Carcedok nabarmendu du, "langileentzat garrantzitsuak diren baloreak" lantzen direla Alberdiri esker. "Azpeitiarrek pertsona hauen gaitasunak ezagutzeko aukera aparta da".

Alberdik "oso gustuko" du igerilekuko lana. "Goizero bertara joan, laneko arropak jantzi, zereginen taulan begiratzen dut, eta egin behar dudana egiten dut, gustura", zioen atzo. Aukera honekin, lanean eta ikasten jarraitu ahalko du Alberdik.

Down sindromea du Igor Boo azpeitiarrak ere, eta Zumaiako adinekoen egoitzan ari da lanean, Pauso Berriak programari esker.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide