Pilotari ospetsuak izango dira saninazioetako partidetan

Uztarria.eus 2011ko uzt. 21a, 13:07

Partidak uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean izango dira

Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira

Saninazioetan pilota partidak izango dira urteroko legez. Uztailaren 31n, San Inazio Egunean, bi eskuzko pilota partida jokatuko dira Izarraitz frontoian, 22:30ean hasita. Lehenengoa, Retegi II-Merino eta Idoate-Peñagarikano bikoteek jokatuko dute. Peñagarikano beizamar pilotariarentzat ASPE enpresan dagoenetik Azpeitian jokatzen duen lehenengo partida izango da. Bigarren partida, berriz, Titin III.ak eta Zubietak, Martinez de Irujo eta Laskurainen kontra.

Abuztuaren 1ean, saninazio bigarrenean, ere bi partida jokatuko dituzte, 22:30ean hasita. Hasteko, Olaizola I.k eta Izak jokatuko dute Olaetxea eta Mendizabal II.aren aurka. Jarraian, Olaizola II eta Albisu, Bengoetxea VI eta Beroizen aurka ariko dira.

Partida egunetan sarrerak honako orduetan erosi ahal izango dira Izarraitz Pilotalekuko lehiatiletan: uztailaren 31an eta abuztuaren 1ean, 12:30etatik 13:30etara zein 21:00etatik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide